Mañel LARENA

Zer ordu da? Azken eguna puntuan

Mehatxuen panorama beldurgarria da. «Gauerdirako», munduaren amaierarako, 90 segundo falta dira, apokalipsia ate-joka dugu.

Atomo Zientzialarien Elkarteak atzo aurreratu zuen Azken Egunaren Erlojua.
Atomo Zientzialarien Elkarteak atzo aurreratu zuen Azken Egunaren Erlojua. (Anna MONEYMAKER | AFP)

1947an asmatu zuen Azken Egunaren Erlojua gai nuklearretan zebilen zientzialari baten emazte publizistak. Martyl Langsdorf-ek irudi horrekin hondamendi nuklearraren hurbiltasuna adierazi nahi zuen. Bi urte beranduago, AEBetako Atomo Zientzialarien Aldizkariaren arduradunek pentsatu zuten arrisku nuklearren arloan aldaketa nagusiren bat zegoen bakoitzean mugitu zitekeela orratza -gauerdirako, apokalipsirako, falta diren minutuak kontatzen dituena- egoera larriagotzen edo baretzen ari zela grafikoki adierazteko. Atzo aurreratu zuten ditxosozko erlojua, dagoeneko minutuetan baino segundoetan dabilena. Hondamendirako 90 segundo falta direla iragartzen du. Klima gero eta larriagoan, energia eta elikadura krisi global latz baten erdian, Ukrainako gudu-zelaian aurrez aurre eta armamentu-norgehiagoka betean dauden Errusia eta AEBen artean 1.700 tona uranio eta 225 tona plutonio lehertzeko prest dauzkatela gogorarazten digu. Erlojuak ez du atzera egiteko itxura handirik, ez horixe. Tik-tak, tik-tak, tik-tak, mundu honetako gure egonaldi labur eta iragankorraren amaiera inoiz baino gertuago omen dago. Broma gutxi.