Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Darucama eta Cruz Azul enpresak ixteko eskatu dute etxeko langileek Bilbon

Ekainean Lan Ikuskaritzak Darucama enpresa «kooperatiba faltsua» dela ebatzi arren, funtzionatzen jarraitzen duela salatu du Etxeko Langileen Elkarteak. Darucama eta haren zerbitzuak kontratatzen dituen La Cruz Azul agentziaren itxiera galdegin dute Bilbon.

Elkarretaratzea egin dute Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
Elkarretaratzea egin dute Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. (N.L.)

Etxeko Langileen Elkarteak deituta eta eragile ugariren babesarekin, atzo protesta egin zuten Lakuaren Gobernuak Bilbon duen egoitzan, Lan Ikuskaritzari eskatzeko Darucama kooperatiba «faltsua» eta harekin lan egiten duen La Cruz Azul agentzia itxi ditzala.

Lan Ikuskaritzak 2022ko ekainean argitaratutako txosten batek baieztatu zuen Darucama kooperatiba «faltsua» dela eta La Cruz Azulekin osatzen duen enpresa-sareak langileak kontratatzen dituela. Horri esker, Etxeko Langileen Elkarteak lortu du Darucamako langileei ofizioz Gizarte Segurantzan alta ematea.

Darucamak internetez lortzen ditu langileak, La Cruz Azulek eskatutakoan. Etxeko Langileen Elkarteko Isabel Otxoa bozeramailearen hitzetan, «lana uztean, azken hilabetea ez diete ordaintzen». «Lan Ministerioaren eta Lan Ikuskaritzaren utzikeria» salatu zuen Otxoak. Halaber, kezka azaldu zuen langileak «engainatzen» jarraitzen duelako Darucamak. Carla da Silvaren kasua da: azaroan kontratatu zuten; lantokira heldutakoan ikusi zuen astean 87 orduz lan egin beharko zuela, astelehenetik igandera; gainera, egunean tokatzen zitzaizkion bi atseden orduetan ezin izaten zuen etxetik irten, zaintzen zuen pertsona ezin zuelako bakarrik utzi. Egoera ikusita, Da Silvak enpresari lana uzteko erabakia jakinarazi zion, baina 15 egunez mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat bertan behera uztea delitua dela esanez mehatxatu zuten, joan ez zedin. Horrez gain, egindako hilabeteko lanagatik ez diote soldatarik ordaindu, Da Silvak berak aditzera eman duenez.