GARA
GASTEIZ

«Ehun asilo eskaeratatik bost onartzen dira, hor dago eztabaida»

Gobernu espainiarrak 350 errefuxiaturentzako lekua izango lukeen zentro bat eraikitzeko asmoa du Gasteizko Arana Klinikan. Aurkakotasun handia eragin du egitasmoak eta Arabako Caritasek ere ez du begi onez jaso iragarpena. «Harreraren alde gaude, noski, baina nola egin eztabaidatu behar da, eta uste dugu horrelako eraikuntza batek ez duela lagunduko harrera duin bat egitea», adierazi zuen atzo Ramon Ibeas koordinatzaileak NAIZ Irratian.

Salatu zuenez, «errazegi» hitz egin da «xenofobiari» buruz, «eta hori erantzukizun falta izan da». Izan ere, Arana Klinikaren kasuan eredua kritikatu da, ez ordea harrera. Izan ere, Gasteizek migranteak hartzeko erabateko gaitasuna duela defendatu zuen, gogoratuz duela mende erdi 30.000 biztanle zituela Arabako hiriburuak eta 250.000 dituela egun: «Gai gara eta ez ditugu horrelako azpiegiturak behar».

Hala, eztabaida harrera duin bat antolatzearen inguruan zentratu behar dela defendatu zuen Ibeasek, asilo eskaerek erakusten duten egoeraz ohartaraziz: «Estatuan ehun asilo eskaeratatik bost onartzen dira. Ezezkoa jasotzen dutenak egoera irregularrean gelditzen dira. Atzerritartasun Legearen ondorioz, ezin dute bizitza normal bat garatu. Beraz, asko dago hobetzeko. Hori da benetako eztabaida, beste guztia zarata da».

Ibeasen ustez, zentro erraldoi baten irekierak ez du errefuxiatuen gizarteratzea ahalbidetuko. Frantziar Estatuko ondorioak gogoratu zituen. Halako «esperientzia txarrak» saihesteko, auzuneetan aniztasuna sustatzea proposatu zuen.