GARA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Ekaitz Goikoetxea eta joxe Ubera
Irakasleak

«Inoiz baino konektatuago eta inoiz baino isolatuago daude ikasleak»

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) irakasleak dira biak, Ekaitz Goikoetxea Beasaingo BHI ikastetxean eta Joxe Ubera Oiartzungo Elizalde institutuan. Gaur egungo hezkuntzaren maila duela urte batzuk baino baxuagoa dela uste du euskal gizartearen zati batek, eta iritzi horretakoak dira irakasle hauek ere. Horren inguruan hitz egin dute NAIZ Irratiko «Bigarren Kafea» saioan.

(GARA)

Nahiz eta pasioz bizi duten irakaskuntza Ekaitz Goikoetxeak eta Joxe Uberak, hezkuntzan maila jaitsi den irudipena dute biek, gaur egun ahalegin gutxiagorekin emaitza onak lortzen baitituzte ikasleek. «Ez diogu behar bezalako garrantzia ematen ahaleginari edo esfortzuari», esan zuen Goikoetxeak.

Horrez gain, aipatu zuen uste bat zabalduta dagoela: ikasle guztiek gainditu behar dutela. Ohartarazi zuen horrek gaitasun handiko ikasleengan eragin kaltegarria duela, «grinatsu» aritzen diren horiek, askotan, «aspertu» egin daitezkeelako: «Nire buruari askotan galdetu diot zeinentzat eta zenbatentzat ari garen eskolak ematen. Irakasleon lehentasuna izan beharko litzateke ikasle bakoitzari egokitzen zaion eskola eta ahalik eta ikasle gehienentzat probetxugarria izango den eskola ematea. Eta iruditzen zait, maila jaiste honekin, gorago ibiltzen diren ikasleak konforma daitezkeela askoz lauagoa den zerbaitekin».

Gaur drama, bihar tabua

Suspentsoa porrotaren mailara beheratu den honetan, Goikoetxeak eta Uberak zalantzak erakutsi zituzten gehiegizko permisibitatearen inguruan. «Suspentsoak badakigu zer dakarren: hurrengo urtean beste inguru batekin, beste lagun batzuekin, hasi beharra, eta badakigu horrek norbanakoan zer eragin izan dezakeen. Baina iruditzen zait suspentsoak ikasgai eta ikasbide izan daitezkeela, eta horretan ere jarri beharko genuke fokua: ahalegintzen ez dena konturatu dadila ahaleginak emaitzak ekarriko dizkiola, besoak gurutzatuta nekez iritsiko dela iritsi behar duen toki horietara», agertu zuen Goikoetxeak.

Antzera mintzatu zen Ubera. «Gaur egun ikaslea babestu behar dela esaten da, baina kurtsoz pasatuta zenbat ari gara laguntzen ikasle horri?», galdetu zuen. Bere iritziz, ikasturtea errepikatzea ez da «drama bat» ondo aprobetxatzen baldin bada, eta ohartarazi hemendik denbora batera “errepikapen” hitza «tabu» ere bihurtuko dela.

Maila jaitsi izanaz gain, heldutasun edo autonomia falta ere nabari dutela esan zuen Elizalde institutuko irakasleak: «Unibertsitateetatik gero eta gehiago entzuten dugu, adibidez, azterketa baten berrikuspenera gero eta ikasle gehiago gurasoek lagunduta joaten direla. Lehenago sinesteko zailak izango ziren egoerak ere bai, adibidez, laneko elkarrizketa batera gurasoekin azaltzea. Horrek asko esan nahi du, denbora gutxian gauzak asko aldatu dira».

Digitalizazioaren eragina

Irakaskuntzaren digitalizazioak ekarri duen «menpekotasunaz» ohartarazi zuen Goikoetxeak. Une honetan, 21.000 irakasle ari dira digitalizazioari eta curriculumari buruzko ikastaro bat egiten. Goikoetxeak ez zuen ukatu horretarako beharra dagoela, baina nahi luke jakin nork identifikatu dituen behar horiek, norekin adostu dituen ikastaroaren edukia eta helburua. «Nirekin eta nire lankideekin ez behintzat. Ikasleen eta irakasleen beharrak zeintzuk diren askotan goitik esaten digute», kritikatu zuen.

Teknologia iritsi orduko irentsi du hezkuntzak, bere abantailekin, baina baita desabantailekin ere. Ikasle bakoitzak bere ordenagailua izaten du mahai gainean eta horrek kontraesan batzuk sortzen ditu: pantailak kaltegarriak direla esaten zaien bitartean, ordenagailu bat jartzen zaie eskola-orduetan, zenbaitetan gurasoek nahi baino lehenago. Ikasgelaren klima ere aldatzen dute gailu hauek, Goikoetxearen esanetan: «Orain dela 20 urte esaten zen irakasleak ordu laurden inguru behar izaten zuela ikasleak isilarazteko. Gaur egun, klasean sartzen garenean isil-isilik egoten dira beraien chromebook-aren aurrean. Esango nuke inoiz baino konektatuago daudela, baina inoiz baino isolatuago ere bai».

Eta emozioen kudeaketa?

Irakasleak digitalizazioari buruzko ikastaroan murgilduta eta ikasleak pantailari begira dauden bitartean, pandemia garaian abiatutako ikuspuntu emozionala galdu dela esan du Goikoetxeak: «Duela bi urte gure erronka emozioen kudeaketa zen. Itxialdian geundenean esan zen edukiak baztertu behar genituela eta buru-belarri murgildu behar ginela gure ikasleen emozioetan eta ongizatean. Hori bat-batean ahaztu dugula dirudi. Eta datuak hor daude: gero eta ikasle gehiago dabil antsietatearekin, estresatuta; beren buruaz beste egiten saiatu direnak gero eta gehiago dira. Horri aurre egiteko aukera bakarra digitalizazioa bada... zer pentsatua ematen dit».