Urtzi URRUTIKOETXEA

Mike Pence presidenteorde ohiak ere agiri sailkatuak zeuzkan etxean

Donald Trumpen bigarrena izan zen Mike Penceren Indianako etxean dokumentu sekretuak agertu dira, eta presidenteorde ohiak berak jakinarazi dio FBIri. Joe Bidenen agiri sorta berri bat aurkitu bezperatan topatu dituzte Penceren dokumentuak.

Mike Pence presidenteorde ohia, igaro den apirilean Charlottesvilleko Virginiako Unibertsitatean ateratako argazki batean.
Mike Pence presidenteorde ohia, igaro den apirilean Charlottesvilleko Virginiako Unibertsitatean ateratako argazki batean. (Ryan M. KELLY | AFP)

Itxuraz, agiriok Mike Pence presidenteorde ohiak Virginian -Washington ondoan- eduki zituen, eta gerora Indiana jaioterrira eraman zituzten. «Dokumentu sorta txiki bat, balizko informazio sentibera edo klasifikatua izan lezakeena» Pencen etxeko kutxa gotorrean aurkitu dute. Estatu Batuetako agintariek agintaldia amaitu eta Etxe Zuria uztean Artxibo Nazionalei eman behar dizkiete haien esku dituzten dokumentuak. Mike Pencek berak agindu omen zuen bere etxaldearen miaketa, urtarril hasieran Joe Bidenen agiriak aurkitu zituztela jakindakoan. Penceren abokatua den Greg Jacob-ek urtarrilaren 18an jakinarazi zien Artxibo Nazionalei, presidenteorde ohiak berak agindutako miaketaren ondorioz, bi kaxa agertu zirela, eta zenbaitek «dokumentu sailkatu» izendapena zeukatela.

Donald Trump bere presidenteorde izandakoaren alde mintzatu da Truth Social sare sozialean, «errugabea» dela esaten: «Utz ezazue bakean, bizi osoan ez du gauza makurrik egin». Bidenek presidenteordea zela izandako informazio sentikorra era arduragabean arriskuan jarri ote zuen aztertzen ari zirelarik Kongresuko errepublikanoak, Penceren dokumentuen aurkikuntza iritsi da. Azaroan Barack Obamaren presidenteorde zeneko agiri batzuk aurkitu zituzten Washingtonen, 2017tik Bidenen taldeak izandako bulego batean, baina ez zuten aurkikuntzaren berri eman duela bi astera arte. Gerora, Delawaren Bidenek daukan etxean birritan aurkitu dituzte agiri gehiago.

DEMOKRATEN MESEDE

Penceren esku ere agiri sekretuak zirela ezagutzeak eta akats horiek oso ohikoak direla jakiteak arnasa ematen die demokratei, Bidenen egoera eta Trumpen jarrera parez pare kontrastatzeko aukera indartzen baitu. Presidente ohiaren Floridako etxaldean polizia operazio egin zuen FBIk iazko abuztuan, eta dozenaka kaxa eta 300 agiri sekretu baino gehiago atzeman zizkioten. Baina Bidenen eta Penceren kasuetan ez bezala, Trumpek ez dauka argudiatzerik ez zuela agirion berri: ezagunak ziren, itzultzeko eskatu zioten, eta presidente ohiak uko egin zion.

Norm Eisen Brookings think tank-eko analistak dioenez, «Trump auzipetu egingo dutela uste dut, eta Biden eta Pence ez, lege penalaren arabera borondatea baita neurria, eta Trumpek baino ez du erakutsi deliturako asmo bat». Hala, «argi bereizi behar dira alde batetik Bidenen eta Penceren egoerak, bietan ere erabateko kolaborazioa egon da, zuzen jokatu dute, eta Trumpen egoera bestetik, zeinak uko egin baitzion, eta azkenean Justizia Departamenduak miaketa agindu bat betearazi behar izan zuen dokumentuok eskuratzeko».

Errepublikanoak ez datoz bat, ordea. James Comer Ordezkarien Ganberako Ikuskapen Batzordeko presidenteak «Pence presidenteorde ohiaren gardentasuna» goraipatu zuen, eta jarrera hori kontraste handia zela esan zuen «Bidenen Etxe Zuriko taldearekin, Kongresuari eta AEBetako herriari informazioa ezkutatzen jarraitzen baitute». Errepublikanoek ez diote berehalakoan uko egingo gaiak ikerketa-batzorde bat eratzeko eman dien aukerari.

TAYLOR GREENE, PRESIDENTEORDE IZATEKO ASMOZ

Urtea hasi denetik zenbait mugimendu izan dira Washingtonen. Agirien aurkikuntzarekin batera, Ordezkarien Ganberaren kontrola lortu dute errepublikanoek, eta horrek ikerketa batzordeak abiarazteko aukera handia ematen die. Era berean, 2024ko hauteskunde presidentzialetarako hautagaiak aurkezten hasiko dira aurki, alderdietako primarioei ekiteko. Oraingoz, Donald Trump da bakarra; azken bozetan uste bezalako emaitzarik lortu ez arren, itzal handia dauka oraindik errepublikanoen artean, eta beste inor ez da ausartu oraingoz hautagaitzarik aurkeztera.

Ez da falta presidente ohiarekin batera joateko asmoz dagoenik, eta Marjorie Taylor Greene da Trumpen presidenteorde izan nahiko luketen bat. Eskuin muturraren ordezkaririk nabarmenenetakoa da Georgiako kongresukidea; armak, arrazismoa edo konspirazio teoriak hizpide direla, sarritan nabarmendu da bestela ere oso muturrekoak izan ohi diren adierazpenen artean.

Steve Bannon eskuin muturreko ideologo garrantzitsuenetakoak -besteak beste, 2021eko urtarrilaren 6ko Kongresuko erasoaren ondorioz zigortu dute, ikerketa batzordearen aginduei uko egiteagatik- baieztatu du Taylor Greenek badaukala «presidenteorde izateko anbizioa. Ez da lotsatzen aitortzeaz, ez du zertan», adierazi dio Bannonek NBCri. Oso muturreko jarrerak izanda ere, Ordezkarien Ganberako presidentea hautatzerakoan Taylor Greenek ez zuen hartu beste ordezkari eskuindar batzuen jarrera, eta Kevin McCarthyren alde bozkatu zuen hasieratik. Trumpek berak eskatu zuen hala egiteko, eta Georgiako ordezkariak bere leialtasuna adierazi nahi izan zion era horretan, adituen iritzian.