GARA
DONOSTIA
FUTBOLA

Aimar Orozek ez du lesiorik orkatilan, eta David Silva ez da Bernabeun izango

David Silvak ez du Madrilen jokatzerik izango.
David Silvak ez du Madrilen jokatzerik izango. (Jon URBE | FOKU)

Gizonezkoen gure futbol talde nagusietako ordezkariek bi eratako berriak jaso zituzten asteazkenean. Osasunan gustura hartu zuten Aimar Orozek Sevillaren aurka jasotako kolpeak lesiorik eragin ez izana, eta Realean, aldiz, David Silvak, Camp Noun bezala, Bernabeun ere jokatzerik izango ez duela baieztatu zen.

Erdilari kanariarraren kasuan, Realak igorritako mediku txostenean ez da argitzen zenbat denbora beharko duen berriz ere zelaietara itzuli ahal izateko; ezker zangoko soleoan lesio bat dagoela argitzera mugatzen da, baina argi dago ez dela igande honetan Santiago Bernabeun jokatzeko moduan izango, eta ikusi egin beharko da Valladoliden aurka otsailaren 5ean zelairatzeko aukerarik izango ote duen. Ez dirudi erraza.

Bestalde, Bartzelonaren aurka berna hezurrean zauri bat izan zuen Diego Ricok ez du aparteko larritasunik eta Real Madrilen aurka jokatzeko moduan izango da.

Horixe bera espero da Osasunako Aimar Oroz gaztearekin, kasu honetan Atletico Madrilen aurkako hamaikakoan egoteko moduan izatea. Harrobiko gazteak Sevillaren aurkako Kopako partida utzi behar izan zuen 80. minutuan, orkatilan min hartuta, baina atzo egindako frogek lesiorik ez dela frogatu zuten.