Maite UBIRIA
BAIONA
PRESOEN EGOERA DESBLOKEATZEKO EKINTZEN GAINEKO AUZIAK

Baionako auziaren zain, bederatzi bakegilek isuna jaso dute Akizen

«Akizen bezala, Baionako auzian aukera baliatuko dugu egin ditugun ekintzen beharra eta zilegitasuna aldarrikatzeko». Hitz horiekin baloratu du Anaiz Funosasek bederatzi bakegileei 800 euroko «isun sinbolikoa» ezartzeko Akizeko Auzitegiak harturiko erabakia.

Euskal Herritik heldutako herritar anitzen babesa jaso zuten Akizen auzipetutako ekintzaileek.
Euskal Herritik heldutako herritar anitzen babesa jaso zuten Akizen auzipetutako ekintzaileek. (Bob EDME)

Akizeko Auzitegiak 800 euroko isuna, ordaindu beharrik gabe, ezarri die, atzo plazaraturiko ebazpenaren bidez, iragan uztailaren 23an eginiko blokeatze egunean parte hartzeagatik epaitu zituzten bederatzi euskal herritarrei.

Joan zen abenduaren 15ean auzipetu zituzten bederatzi ekintzaileak Akizeko Auzitegian, kartzela zigor luzeak jasan zituzten presoen egoera desblokeatzeko Ipar Euskal Herriko azpiegitura ezberdinak oztopatzera eraman zuen desobedientzia zibilaren ekimen handiaren karietara.

Zehazki Bokale inguruan trenbidea blokeatu zuten bederatzi ekintzaile epaituak izan ziren Landetako epaitegian. Euskal Herritik heldutako sostengu beroa jaso zuten gizarte zibileko ordezkariek ekintzaren zilegitasuna defendatu zuten jujearen aurrean.

Tren zerbitzuaren etendurak sorturiko kaltea aipatuz, Anne Kayannakis prokuradoreak ordaintzeko beharrik gabe 1.500 euroko isuna eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat auziaren amaieran. Bestalde, ekintzaileek urgentziazko egoerari erantzunez jardun zutela aldarrikatu zuen bederatzi ekintzaileak errugabetzea galdetu zuen defentsak.

Euskal Elkargoko lehendakaria, Jean-Rene Etchegaray, eta erakunde bereko Turismo alorreko arduradun Daniel Oltzomendi lekuko gisa aritu ziren auzian. Lehenak adierazpen esanguratsua egin zuen. Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez gisa ardurak izan ezean «nik ere trenbidean eginiko protestan parte hartzen ahal nuen», aitortu zuen Etchegarayk.

Blokeatze egunaren antolatzaileen izenean, Jean-Daniel Elixiri bakegileak hitza hartu zuen, Akizeko auzian blokeatze egunak ekar zitzakeen ondorio txarrak saihesteko «gizarte eremu zabal batekin aldez aurretik kudeaketa egin zela» gogoratuz. Are, beste zenbait eragilek parte hartu bazuten ere, «SNCF tren konpainiak ez ziola segidarik eman hitz egiteko luzaturiko gonbidapenari» aditzera eman zuen Elixirik. Ildo beretik, atzoko ebazpenaren berri izan ondoren, bere kezka agertu zuen Bake Bidea elkarteko lehendakariak kalte ordainei buruz egiteko dagoen beste auziaren gainean.

Uztailaren 3an

165.000 euro inguru galdetzen ditu kalte ordain gisa SNCFk. «Diru zama handia da», aitortu zuen heldu den uztailaren 23rako finkaturiko auzi horren karira Anaiz Funosasek. Horren ondorioz, «berriz ere gizartearen sostengua galdetzeko deia» berretsi zuen. Zenbait ekimen aurreikusten badituzte ere, dagoeneko aukera bada HelloAsso izeneko plataformaren bidez (https://urlz.fr/kzmU) auzien kostua eta balizko kalte ordainak estaltzeko diru bilketa kanpainarekin bat egiteko. Edonola ere, otsailaren 2an iraganen den epaiketaren atarian, Akizeko auzia «isun sinboliko» batekin amaitzeak itxaropena sortzen duela aitortu dio GARAri Funosasek.

11 herritar epaituko dituzte Lapurdiko hiriburuan A64-A63 autobidea blokeatzeagatik.

«Akizen bezala, aukera baliatuko dugu Baionan euskal jendarte zibilak egin duen ibilbidea aldarrikatzeko, egin genituenak beharrezkoak izan zirela eta gainera emaitza eman zutela azaltzeko, agerikoa baita, terrorismoaren aurkako Fiskaltzak sustaturiko mendeku jarrera gaindituz, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal etxera ekartzea ahalbidetu zutela», esan zuen Anaiz Funosasek.