Idoia ERASO
FIPADOC JAIALDIA

Errealitate birtualeko selekzio aberatsa biarritzen

Dokumentalez dokumental, gelaz gela ibiltzen dira ikusleak Biarritzeko Fipadoc jaialdian. Bihar arte, deskubritu daitezke istorio harrigarriak, errealitate krudelak eta esperientzia bizigarriak. Azken hauek Bellevue jauregiko Smart sailean atzematen dira, non sentitu ere egin daitezkeen, dokumentalak ikusteaz gainera.

Errealitate birtualeko kaskoak jarrita, Fipadoceko Smart saileko obrak ikus daitezke.
Errealitate birtualeko kaskoak jarrita, Fipadoceko Smart saileko obrak ikus daitezke. (Guillaume FAUVEAU)

Pantailan ikusten diren dokumentalez gain, Smart saileko filmek alde guztietatik informazioa eskaintzen diote ikusleari; goitik, behetik, eta inguru guztian 360 gradutan begira daiteke. Baina ez hori soilik, interakzioa ere badago.

Esperientzia pertsonalizatuak direnez, tokiak oso mugatuak dira, eta hitzordua hartzea nahitaezkoa da. Behin ateak zeharkatuz gero, ordenagailuak, tabletak eta alde guztietara mugitzen diren aulkiak agertzen dira. Ordenagailuetan batzuk webserieei begira eserita daude, eta beste batzuk zutik, 3D kaskoa jantzirik, mugitzen.

Tableta eskuetan, gora eta behera eramanez, gelan zehar mugitzen ari den pertsona bat, errealitate handituari begira. Zaila da hastapenean ‘Form!’ produkzioak eskaintzen duen esperientzia zein den antzematea, kamera bat bezalakoa baita, dagoena erakusten duena, baina bat-batean, parean, flotatzen egongo balitz bezala altzari baten zati bat agertzen da. Pantaila ukituta, horren diseinuaren historia kontatzen du aparailuak, eta bidean, aurrera eginez, zati ezberdinak gehitzen doaz, altzaria guztiz osatu arte. Aulki bat, Italian diseinatutako pufa... ‘formen’ nondik norakoak eta historia ezagutarazten ditu.

Ordenagailuen aurrean ikusleak zutik daude, alde batera eta bestera mugitzen, dokumentalean dagoen zerbait hobeto ikusteko. Horrela da ‘Hors-Cadre: Marionnettes, Paul Klee’ obran. Margolari alemanaren azken urteetako bizitza kontatzen du, txotxongiloen bitartez. Akzio nagusia etxe baten barnean gertatzen da, baita inguruko hiria ere. Locarnora bidaiatzen du ikusleak. Hiri suitzarrak hasieran herri normal baten tonuak ditu; ondoren, artistaren obren estiloarekin bat eginez, argitsuago eta koloretsuago egiten hasten da. Baina historiaren nondik norakoak ere agertzen dituzten tinduek; horrela, gero eta grisagoa bilakatzen joaten da, Bigarren Mundu Gerrako tankeak heltzen direnean.

Etxearen atzean zer dagoen ikusteko gogoa ere izan daiteke, eta, Locarnoko kaleetan egingo litzatekeen bezala, bertara hurbildu behar da oinez, edo makurtu eraikinaren beheko pisuaren atzealdean zer dagoen begiratzeko. Eta beti badago ikusteko zerbait, errealitatea bezalakoa baita agertzen dena, baina birtuala.

ARGI-ZUZIA ESKUETAN

Smart obrak erakusten dituen gelaren atzealdean kokatzen dira jendea bereziki erakartzen duten produkzioak, mandoak eskuetan eta kaskoa buruan bidaiatzeko aukera ematen dutenak. Denetarik bada han. Egiptoko Abu Simbel monumentu miragarriaren barnera sartzeko aukera ematen du batek. Hieroglifoak ulertzeko beharrezkoa izan zen Rosseta harria itzuli zuen Jean-François Champollionen eskutik egiten da. Eraikinean ibiltzen da ikuslea, argi-zuzia eskuetan, eta, mandoak mugitzean, alderdi bat edo bestea argitzen da Abu Simbelen.

‘Champollion L'Egyptien’ frantsesarekin batera, India eta Pakistan artean egin den ‘Child of Empire’ edota ‘Darkening’ txekiarra eta alemaniarra dira ikus daitezkeenetako batzuk. Baita ‘Missing pictures’, bost kapituluko telesaila. Taiwan, Erresuma Batua, Hego Korea, Luxenburgo eta Estatu frantsesaren artean ekoitzitako obra honek zinemaren munduari ohore egin nahi dio, film baten errealizazio prozesuan protagonistekin bidea eginez.

Lehen kapituluan Catherine Hardiwickek ekoiztea lortu ez zuen ‘The monkey wrench gang’ filmaren historia kontatzen du. Ordenagailuz agertzen dira benetako historian oinarritu behar zuen obrako benetako protagonisten bizipenak, egindako pertsonaiekin; eta momentu batzuetan irudiek ikuslea zeharkatzen dutela ematen du.