GARA
IRUN
ESKUBALOIA

Esteban Salinas pibotea Bidasoara itzuliko da

Esteban Salinas pibotea fitxatu du Bidasoa Irunek eta, beraz, txiletarrak bere bigarren ibilaldia hasiko du Artalekun. Azken hiru urteak Granollersen eman ditu, eta han jokatu dituen 77 partidatan 313 gol sartu ditu, ligako pibote onenen artean dagoela erakutsiz.

Klubak atzo argitaratu zuen bideoan, Bidasoa Irunera itzultzearekin «pozik» agertzen da. Hemen, gainera, bere anaia Rodrigorekin elkartuko da berriz ere.

30 urteko pibotea Txileko selekzioarekin aritzen da -Munduko txapelketan izan da- eta esperientzia handia dauka Asobalen. 2014an egin zuen debuta MMT Seguros Zamora taldearekin. Urtebete geroago Benidorm taldeak fitxatu zuen, eta bertan hiru denboraldi egin zituen, maila txukunean. Arrazoi nahikoa izan zen Bidasoa Irunek fitxatzeko, 2018an, eta taldeko jokalari nabarmenduetako bat bilakatu zen. Gipuzkoan igarotako bi denboraldietan ligako 48 partida jokatu eta 128 gol sartu zituen; Europan, Txapeldunen Ligan debuta egin eta 12 partidatan 34 gol egin zituen.

Atsedenaldia ondo probestu du Bidasoa Irunek, Julen Aginagalde kirol zuzendari dela. Irundarraren azken denboraldia da kirolari moduan eta, hortaz, Salinasen itzulerak hurrengo sasoian egongo den hutsune horri ere erantzuten dio.

Azken asteetan, Pedro Pacheco brasildarra fitxatu du, eta Iñaki Cavero, Dariel Garcia, Matheus Da Silva eta Rodrigo Salinasen hitzarmenak berritu ditu.