Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Meteozaletasuna

Denbora errealean eguraldiaren inguruko xehetasunak jakin ahal izateko ezinbestekoak dira radarrak, organismo ezberdinek jarritako estazioak, globo zundak, eta abar. Datu horiek xehetasun handiagoz aztertu ahal izateko, azken urteetan, asko ugaritu den fenomeno batez hitz egin behar dizuet: meteozaletasunaz.

Azken boladan sare sozialetan asko igo da meteorologiaz interesa duen pertsona kopurua, non informazioa zabaltzen duten, bai iragarpenen informazioa, bai eta datu errealena ere. Nire kasua hor dago, baina ni baino meritu gehiago duen jendeaz ari naiz gaurko honetan. Formakuntzarik jaso gabe eta beraien kabuz eguraldia ulertzeko ahalegina egin duten horiez. Bejondeizuela.

Gainera, pertsona hauetako askok beraien estazio meteorologiko propioa ezarri dute beraien herrian edo inguruetan, baita berauek jartzeko laguntza eskaini ere. Horrela, organismo profesionalek eskaintzen dituzten datuez gain, beraien estazioetakoak erabili ahal dira, une errealeko datuak xehetasun handiagoz aztertzeko. Horrek urteko klimatologiaren balantzea egiteko garaian datu aberasgarriagoak eskuratzen laguntzen du, txosten zehatzagoak egin ahal izateko.

Garbi dago meteorologia mundua hazten eta aberasten ari dela. Jarrai dezagun, ba, bide horretan aurrera.