EDITORIALA

Palestinak justizia behar du, ez hitz hutsalak

Atzo Israelgo Armadak Palestinan egindako enegarren erasoaldiak, oraingoan Yeningo errefuxiatu esparruan, Zisjordanian, ondorio tragikoak utzi zituen. Militar israeldarrek hamar pertsona hil zituzten, emakume adineko bat tartean; hogei bat pertsona zauritu zituzten, horietako lau larri. Hori gutxi bazen, militarrak ospitale bateko amaetxean sartu ziren gas negar-eragileak jaurtiz. Israelgo palestinarren bizitzarekiko eta eskubideekiko basakeriaren eta mespretxuaren beste adibide bat izan zen. Zoritxarrez, etengabe errepikatzen den egoera da. Urtarrileko lehenengo 26 egunetan bakarrik 28 palestinar hil dituzte Israelgo indar armatuek.

Ekintza gogor salatu zuten agintari palestinarrek, eta «sarraskitzat» jo zuten. Liga Arabiarrak ere antzeko balorazioa egin zuen. Haren bozeramaileak, Israelgo Armadaren erasoa gaitzesteaz gain, salatu zuen nazioarteko isiltasunak agerian uzten duela nazioarteko komunitatearen konplizitatea dagoela eraso horiekin. Neurritsuagoa izan zen NBE, «indarkeriaren zikloarekin» asaldatuta agertu baitzen, alde guztiek erantzukizun bera balute bezala. Israelekin Europar Batasuna askoz ere adeitsuagoa izan zen. Israelek segurtasunagatik duen kezka «legitimoa» dela adierazi zuen, okupazioaren mende dauden palestinarren segurtasuna aipatu ere egin gabe. Era berean, Europar Batasunak Israeli indarra «neurriz» erabiltzea eskatu zion, palestinar asko bat-batean hiltzea ez dela komenigarria aditzera emanez; izan ere, horrelako sarraskiek atentzio handia ematen dute. Demokrazia eta giza eskubideak defendatzen dituela dioen Europaren sestra bikoitzaren erakusgarri ona da Israelgo hilketaren aurrean Europar Batasunaren atzoko erreakzio ulerkorra.

Noiz eskatuko diote Israeli NBEk eta Europar Batasunak Nazio Batuek Palestinari buruz emandako ebazpenak betetzeko? Noiz, errespetatu ditzala palestinarren giza eskubideak? Horiek dira funtsezko gaiak bakea lortu ahal izateko; izan ere, justizian oinarrituta baino ezin da bakea eraiki. Gainerako guztia zapalduarekiko Israelgo Estatu okupatzailearen indarkeria babesten jarraitzea da.