14 gradutan, Duranako Ikasbidea ikastolak «soluzio duina» eskatu du
Ikasbidea ikastolako Bigarren Hezkuntzako Irakasleon Batzarrak elkarretaratzea egin zuen atzo eta eguerdian ikasleek Lakuara joateko egindako deialdiarekin bat egin zuen. «Azkenaldi honetan ez dugu heziketa modu egokian garatzeko baldintza duinik izan», azaldu zuten. Baina zailtasunak zailtasun, manta, txano eta eskularru azpian, ahotsa altxatzeko adina bero bildu zuten aldarrikapen xume bezain sakon bat egiteko: «Hotzaren aurrean konponbide iraunkor eta duin bat nahi eta merezi dugu».
«Zerbitzu publiko duinak behar eta merezi ditugun bezala, horien eraikuntzan parte hartzea aldarrikatuko dugu», erantsi zuen Duranako ikastetxe honek.
Muturreko egoera
Irakasleek azaldu zutenez, muturreko egoera hau ez da egun batetik bestera sortu. Galdarak arazoak eman ditu azken urteetan, eta egin diren konponketak ez dira inoiz erabatekoak izan, «galdarak berotzen jarrai dezan jarritako txaplatak» baizik.
Galdararen egoera zela eta, iaz zuzendaritzak berau aldatzeak edo konpontzeak lehentasunezkoa izan behar zuela adierazi zuen. Gauza bera esan zuten ordezkaritzako teknikariek 2022ko urtarrilean idatzitako txostenean ere. Baina Lakuako Gobernuak ez zuen lehentasunezkotzat jo. Eta adierazi zuten ez dutela udara arte konponduko, horretarako galdarak itzalita egon behar duelako hiru astez.
Gabonetatik itzuli ziren lehen egunetik egoerak okerrera egin du, nabarmen, Arabako ikastola honetan, eta azken egun hauetan «hotza jasanezina» izan dela aitortu zuten. Egoera gogorra deskribatu zuten: «Egunerokoa bihurtu da ikasgela eta korridoreetan ikasle eta irakasleak txano, eskularru, beroki eta mantekin ikustea. Gela batzuetan 13 eta 14 gradu izan ditugu, eskolak emateko gutxienekoak 17 direnean».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
