Amaia ZURUTUZA
ETXERIK GABEKO PERTSONAK

Kaleko infernuan hotza egiten du eta aterpe nahikorik ez dago

Azken asteetako hotzak kalean harrapatu ditu Euskal Herrian etxerik gabeko egoeran dauden pertsona asko. Instituzioek pertsona hauei aterpea emateko eskaintzen dituzten baliabideak ez dira nahikoa; edo, zuzenean, ez dira: ostegunean Donostiako La Sirena aterpetxea itxita egon zen, ehun pertsona inguru kalean utzita.

Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko sukaldariak lanean, artxiboko irudi batean.
Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko sukaldariak lanean, artxiboko irudi batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Negu betean are larriagoa da etxerik gabeko pertsonek bizi duten egoera. Hotz handia egin arren, egunotan ere kalean lotan ari dira dozenaka eta dozenaka lagun Euskal Herrian. Egoera honen ondorio larriena aste honetan errepikatu da: Bilbon etxerik gabeko 70 urteko gizonezko bat hil zen asteartean, bere txabolak su hartu ostean. Donostiako Morlans auzoan, halaber, aparkaleku batean piztutako sutean larri zauritu zen etxerik gabeko emakume bat asteazken arratsaldean. Gasolina bidoia zeraman andrazkoak, ziurrenik sua piztu eta berotan sartzeko.

Donostiako Harrera Sarea, Beste Bi plataforma bizkaitarra eta Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko kideak ondo ezagutzen dute kale egoeran daudenen errealitatea, eurekin harreman zuzena dutelako. «Kalea oso gogorra da eta tenperatura hauekin... imajinaezina», adierazi dio Garazi Montuschi Harrera Sareko kideak NAIZ Irratiari. «Bizi dutena izugarria da, eta gure kaleetan gertatzen ari da», agertu du Beste Bi plataformako Borja Agirrek. Paris 356eko Jone Arnedo, halaber, artega agertu da, egoera hauetan «ez direlako gutxienekoak bermatzen».

Iruñeko Paris 365 jantokian gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen ematen diote «behar duenari» urteko egun guztietan, eta, Arnedok azaldu duenez, momentu honetan beteta dago: 20 pertsonako itxaron zerrenda daukate.

Ildo berean, Agirrek ohartarazi du pandemia ostean gora egin duela Bilbon kalean lo egiten dutenen pertsona kopuruak. 400 pertsona inguru daude egoera honetan orain. Hauen profil bat ere marraztu du: «Gizonezkoak dira gehienak, ziur aski kalea askoz gogorragoa delako emakumeentzat. Emakume batzuek nahiago dituzte beste infernu batzuk bizi etxean, kalera jo baino. Normalean, arazo ekonomikoez gainera bestelako arazo batzuk izaten dituzte. Ia beti familiarekin loturak apurtuta dituzte, eta erdia-edo kanpotarrak dira. Hauek arazo gehigarri bat baitaukate, Atzerritartasun Legea. Horrek eskubide pila bat murrizten ditu».

LA SIRENA, ITXITA

Instituzioek neguan baliabide ezberdinak bideratu ohi dituzte kale egoeran daudenek babespean lo egin dezaten. Baina Borja Agirre nahiz Jone Arnedok ohartarazi dute, ohe gehiago eskaini arren, Bilbo nahiz Iruñean oraindik ere jendea kalean dagoela eta, beraz, eskaintzen diren baliabideak ez direla nahikoa. «Urtean zehar finko mantentzen den aterpetxeak 50 plaza inguru ditu; eta azarotik martxora martxan dagoen besteak, 40 inguru. Baina ez dira denak kabitzen», esplikatu du Jone Arnedok.

Donostian egoera are larriagoa da, ohe gehiago eskaini beharrean kendu egin baititu Udalak. Ostegun gauean etxerik ez dutenei neguan lo egiteko lekua ematen dien La Sirena aterpetxea ez irekitzea erabaki zuen; «neguko protokoloko irizpideetan oinarrituta», Harrera Sareari adierazi zionez. La Sirena ireki edo ez erabakitzeko irizpidea «Euskalmeten izozte arriskuaren abisua» da, «guztiz erlatiboa», Montuschik azaldu duenez.

Asteazkenean bai, zabalik egon zen La Sirena, eta ehun lagunetik gora joan ziren babesean lo egitera, neguko hotzetik ihesi. Beraz, Harrera Sareak aldarrikatu du agerikoa dela horrelako azpiegitura baten premia. Aterpea negu osoan zabalik egotea da eskaera, baina «momentu honetan gizatasun pixka bat» eskatu du Montuschik: «Udala izugarrizko gizatasun falta erakusten ari da, beste alde batera begira dago».