«Erronka da pentsamendu sistemiko eta konektatua garatzen jarraitzea»
Kolapsoa gero eta gertuago dago? Horixe galdetu diogu Unai Villalba ekonomialariari eta hark, baietz erantzun. Baina etorkizun distopikoetatik haratago, pentsamendu sistemikoa giltza dela dio. Alegia, ohartzea gai guztiak lotuta daudela, «batzuetan modu agerikoan eta besteetan ez hain agerikoan».

Urte berriak egun batzuk egin ditu jada eta, espero zen bezala, lehengo lepotik dakar burua. Kontuak kontu, NAIZ Irratiko “Gelditu Makinak” saioan nondik gatozen eta datorkiguna zer izan daitekeen eztabaidatu dute Unai Villalbarekin. Ekonomia Aplikatu Saileko irakaslea da Gasteizko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eta post-garapen, desazkunde eta lankidetza gaiak lantzen ditu Hegoako masterretan eta GEZKIko ekonomia sozial eta solidario masterrean.
Gerrak, genozidioak, lehengaiak garestitzea, biodibertsitatearen galera… Kolapsatzen ari gara?
Kolapsatzea zer den definitzeko modu desberdinak izan daitezke, baina, norabide horretan goazela esan genezake. Futurologia egitea zaila den arren, atzera begiratu eta nondik gatozen identifikatzeak norabide bat markatzen digu eta, norabide horretan, Euskal Herrian oso gertu nozitu ditugu krisi ekosozial baten inpaktu handiak: lehorteak, esaterako. Urtarrila hasterako urtegiak oso maila baxuan zeuden, Pirinioetan orain arte ez da elurrik izan, bero olatu ikaragarriak izan ditugu, suteak inoiz ez bezala, energia garestitzea… Inpaktuak, jada, ez dira gugandik urrun sentitzen. Beraz, kolapsatzen ari ote garen esatea zaila da, baina, kontuan izatekoa da, kolapsoa ez delako izango halako urte katastrofiko bat, baizik eta hainbat urtetan jarraian emandako okertze prozesu bat. Beraz, agian horren hasieran gaude.
Gai ekosozialei gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie?
Gaur-gaurkoz, jendarte osoan, sektore guztietan, krisi ekosozialaz hitz egin dezakegu, gaiak ugariak direlako. Izan ere, ez dira gai ekologistak soilik; haratago doaz. Gai asko konektatuta daude eta, beraz batean eginak bestean eragin dezake, izan arlo ekonomikoan, sozialean edo kulturalean. Horrela, jendartearen sektore asko gaude interpelatuta. Eta kontzientzia gero eta hedatuagoa dago, baina, oraindik, garrantzia ez da hain agerikoa agenda politikoan. Esparru horretan, arreta handiagoa beharko luke gaiak, baita ekintza zuzenak ere.
Adibidez?
Orain hauteskunde ziklo bat irekiko da. Bozkatzerako orduan jendarteak zer garrantzi emango die gai ekosozialei? Partidu politikoek zer egingo dute? Ez soilik programan, gerora zer jarraipen emango diote gaiari? Adibidetzat har dezakegu Abiadura Handiko Trena. Jaurlaritzan egon diren agintariek azken 20 urtetan hainbesteko dirutza utzi dute proiektuan, non, erresignazioz, egintzat ematen den; alegia, AHT egingo dela onartua dugu. Eztabaida hori berpiztu daiteke. Askotan zientziaren papera aipatzen da, baina zientzia konprometitua izan behar da eta ondoren entzun egin behar zaio. Ikerketa ugari daude proiektu horren inpaktu negatiboak agerian uzten dituztenak. Beraz, politikariek zergatik ez diete kasurik egiten? Are, perbertsio bat ematen da politikarien eskutik eta irakurketa interesatuak nahieran erabiltzen dira. Oso larria da hori.
Zure ustez, zein atalek hartuko dute garrantzia 2023an?
Etorkizun hurbilean, erronka da pentsamendu sistemiko eta konektatua garatzen jarraitzea; hau da, ez identifikatzea bakarrik unean uneko gai esanguratsu eta konkretuak, baizik eta ulertzea gai horiek guztiak lotuta daudela, batzuetan modu agerikoan eta besteetan ez hain agerikoan. 2022an zeresan handia eman dute fenomeno meteorologikoek eta, ziurrenik, 2023an ere bai. Hala ere, ulertu behar da beste arlo batzuek lotura zuzena dutela, adibidez, garraioak, eta ez dela nahikoa aldaketa partzialak egitea (elektrifikazioa, sare berriak, hidrogenoaren erabilera…): garraio-sistema osoa dagoela eztabaidagai, maila teknologikoan bezainbeste sozialean.
Bestalde, oro har, Euskal Herria oso industriala da eta maila batean onuragarria da, baina, aldi berean, horren industriala izatearen ondorio da, materialen fluxu analisiari dagokionez, Europaren batez bestekotik oso gora ibiltzea pertsonako tona kontsumoan. Energiaren kasuan ere, ez da bakarrik zer motatakoa komeni den: desmerkantilizazioaz ere hitz egin behar dugu. Labur esanda, gure kontraesanak, tokian tokian eta globalki, nabariagoak izango dira eta garrantzi handia izango du eredu horretako kontraesanen aurrean hartzen dugun jarrerak.
Hala ere, garapenean eta Barne Produktu Gordinean oinarritutako sistema dugu eta, bertan eragitea konplexua izanik, badu alternatibarik?
Bai, posible da. Baina, aldi berean, galderari berari buelta eman dakioke: posible da norabide horretan bertan jarraitzea? Iaz kalkulatu zutenez, lehorteek, kutsadurak, airearen kalitateak eta abarrek hirietako hildako kopurua handitu dute. Hori onartzeko prest gaude? Apur bat utopikoa iruditzen zaigun aldaketa hori irudikatzen eta tokian-tokian ekimen arrakastatsuak martxan jartzen hasteko garaia da. Kolapsoarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da hemen: aldaketa etorri etorriko da. Beraz, nola heldu nahi diogu? Modu desordenatuan, enpresa handiek kapitalizatuz edo bestela?

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
