Turisten egonaldiaren ostean, La Sirena aterpetxea ireki dute berriro
Kale gorrian lo egiten dutenei babesa ematen die neguan La Sirena aterpetxeak Donostian, baina turista talde batek «aurretik» egina zuen erreserba tarteko, hiru gauez itxita egon da. Berriro ireki dute. Noiz arte ezin da jakin. Zehaztasun falta salatu dute gizarte eragileek.

Urtarrilaren 18tik 25era bitartean, zortzi gauez, Donostiako La Sirena aterpetxeak ateak irekita izan zituen kale gorrian lo egiten duten pertsonei babesa emateko. Irekitzeko edo ixteko Udalak dituen irizpideak Euskalmet-ek egiten dituen iragarpenetan oinarritzen dira. Muturreko hotza datorrela jakiten denean aktibatzen da zerbitzua edo kostaldean izozteko arriskua dagoenean. Graduak zehatz- mehatz zenbakiekin finkatzeko faltan, zer da muturreko hotza?
Zortzi gauez irekita egon ostean, ostegunean, hilaren 26an, eten egin zen zerbitzua. Hiru gau igaro dira eta atzo ireki zen berriro. Bat-bateko itxieraren zergatiaz galde egin zuten Herritarren Harrera Sarea eta Sos Arrazakeria elkarteek. Erantzuna, ordea, hedabideen bitartez ailegatu da asteburuan zehar, ia modu ezustekoan.
Garikoitz Agote Gizarte Ekintzako zuzendariak “Cadena Ser” irratian emandako elkarrizketan onartu zuen asteburuari begira «aurretik» egina zegoen erreserba bat zegoela aterpetxean, eta hura «errespetatu» dela. «Salbuespen egoera hau alde batera utzita, kalean lo egiten duten pertsonentzat gordetzen da esklusiboki», erantsi zuen.
Adierazpenak hautsak harrotu ditu, eta Sos Arrazakeriak idatzi bat plazaratu zuen larunbatean. «Ez irekitzeko arrazoietako bat turista talde frantses batek egina zuen erreserba izatea eskandalua da», dio.
Garazi Montuschi Herritarren Harrera Sarea-ko kidea da. Ezin ulertu dabil. Turistek egonaldia amaituta, igandean Udalak zerbitzua berriro irekiko zuela baieztatu zion GARAri. «Ez dugu ulertzen zergatik hartzen diren horrelako erabakiak; iaztik salatzen ari gara Donostiako Udalaren neguko protokoloaren irekierarako irizpideak oso erlatiboak direla», adierazi du.
«Alde batetik, Euskalmet-ek ‘izozte arriskuak’ aurreikusten dituenean irekitzen dela diote, baina, bestalde, Udalaren atarian jartzen du ‘tenperatura minimoak’ daudenean. Dena dela, batzuetan, 4 gradurekin edo 2 gradurekin ez da ireki. Ez dakigu zer diren ‘tenperatura minimoak’».
Elkarteei egunean bertan jakinarazten zaie udal zerbitzuetatik aterpetxea irekiko duten edo ez, eta horrek oso mugatuta uzten ditu behar dutenei informazioa helarazteko garaian. «Plangintza bat egin behar dute haiek ere, arazoa dirudiena baino askoz ere konplexuagoa baita. Pertsona hauek txoko bat dute non urtean zehar lo egiten duten, eta mugitzen badira, galdu egiten dute, gauzak lapurtzen dizkiete… Pertsona hauek beren lekua uzteko arrazoi bat izan behar dute, sendoa». Etengabeko kaleratze batean bizi direla salatu du kideak. Neguan egunero irekita mantentzea eskatu dute.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
