GARA
DONOSTIA

Baldintzapean aske da Txutxo Gomez Ezkerro, 22 urte preso eman ostean

22 urte eta erdi preso igaro ostean, baldintzapeko askatasuna lortu du 65 urteko Jesus Mari «Txutxo» Gomez Ezkerrok, Iruñeko Arrotxapea auzoko bizilagunak. Hala aditzera eman zuen atzo Etxeratek ohar baten bidez.

2021. urteko irailetik hirugarren graduan zen Gomez Ezkerro. Espainiako Gobernuaren mendekoa den Espetxe Zuzendaritzak onartu zion hirugarren gradua, eta une horretan Villabonako (Asturias) kartzelatik Euskal Herrira ekarri zuen. Iruñeko kartzelan eman du Arrotxapeako presoak bere espetxealdiaren azkenengo zatia.

Hala eta guztiz ere, aurretik urte ugari igaro behar izan zituen Galizia aldean, Coruñako Teixeiro espetxean hain zuzen ere, etxetik 630 kilometrotara.

Hiru laurdenak beteta

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituen Arrotxapea auzoko presoak eta, beraz, preso askorekin gertatu ohi den bezala, baldintzapeko askatasuna legeak agindu baino beranduago eman diote.

1998. urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak Iruñean egindako sarekada batean, eta 2001. urtetik aurrera preso egon da, atzo arratsaldera arte.

Erabaki honen ostean, zortzi dira Nafarroako hiriburuko kartzelan diren euskal preso politikoak eta, guztira, 171 lagunen izen-abizenak biltzen ditu Etxeraten zerrendak.