EDITORIALA

Funtsik gabeko beste erreforma bat

Ezustean, Pedro Sanchezen Gobernuak proposatutako mozal legearen erreforma lantalde txostengiletik batzordera pasatu zen atzo, eta, horrela, aurrerapauso garrantzitsua eman du legea onartua izateko bidean. Horretarako, ERCren aldeko botoa erabakigarria izan zen. Tramitazioarekin jarraitzea ahalbidetu zuen arren, proposamenaren aurka dagoela adierazi zuen ERCk. Atzo, halaber, Kataluniako Gobernuaren eta PSCren arteko aurrekontu akordio bat iragarri zuten aldeek. Hortaz, nahiko argi gelditu zen ERCk mozal legea aldatzearen alde emandako botoa izango dela Generalitatearen aurrekontuak babestearen ordaina. Ikusteko dago noraino iritsiko den babesa.

Zalantzarik gabe, alderdi politiko bakoitzak erabakitzen du zein diren bere lehentasun politikoak, baina mozal legeak ezkerreko indarrentzat garrantzi berezia du, mobilizazio eta aldarrikapen soziala isiltzeko sortu baitzen. Horregatik, PSOEren erreforma deskafeinatuaren aurka zeuden gainerako indarrek kontrako jarrerari eutsi zioten. EH Bilduk, adibidez, mozal legea aldatzeko gutxieneko proposamen arrazoizkoak egin ditu. Alde batetik, legeak migratzaileei dagozkien eskubideak errespeta ditzan planteatzen du, mugan beroan egindako itzulketak galaraziz. Beste alde batetik, zenbait aldaketa planteatzen ditu, gaur egungo arauak Poliziari ematen dion botere diskrezionala desagerrarazteko; zehazki, gomazko piloten erabilera debekatzea eta agenteekiko errespetu faltengatik, desobedientziagatik eta agintariarekiko erresistentziagatik isunak jartzeko ahalmena kentzea.

Minimo horiek ere gehiegi iruditzen zaizkio PSOEri, eta ez du bat bera ere onartu, eta, beti bezala, presioa egiten jarraitzen du: edo bere proposamena, edo ezer ez. Badirudi jada ez dela gogoratzen mozal legea indargabetzeko konpromisoa hartua zuela. Gero erreforma bat planteatu zuen, eta, azkenik, azaleko aldaketa bat proposatu du. Lan erreformarekin gertatu zen bezala, berriz ere, Pedro Sanchezek bere hitza jan du. Ez dirudi konturatzen denik jarrera horrekin bere Gobernuaren oinarriak ahultzen ari dela, atzera bueltarik gabe. Eta politikan sinesgarritasuna dena da.