J.O.
PILOTA

Eskirozek Mariezkurrena ordeztuko du hirugarren astez jarraian

Bezperan Idiazabalen egindako material aukeraketan oso itxaropentsu agertu bazen ere, Jon Mariezkurrenak mina sentitu zuen eskuin eskuan handik ez oso urrun, Beasainen, atzo egindako entrenamenduan, eta ez zuen bere burua biharko txapelketako partidan jokatzeko moduan ikusi. Aurreko bi asteetan bezala, Iosu Eskirozek ordezkatuko du Berriozarrko atzelaria eta berriz ere puntua eskuratzen saiatuko da Elordi-Zabaletaren aurka. Gogoan izan behar da lehen itzulian, Zornotzan, Baikoko atzelariak ez zuela partida hau jokatu; orduko hartan Morgaetxebarriak hartu zuen bere tokia.

«Binakako entrenamendu bat egin dugu. Sentsazio nahiko onekin hasi naiz, baina oraindik molestia txiki batzuk ditut. Ez nago prest, nik uste, larunbatean jokatzeko, eta ea hurrengorako egoten naizen», azaldu zuen nafarrak bere enpresako web orrialdean jasotako adierazpenetan. Azken bi postuak nahikoa atzean utzi eta gero, play offerako ahalik eta hobekien heltzea da, oraintxe, Baikoko bikotearen lehentasuna.

AZKEN AUKERA ZORNOTZAN

Oso bestelakoa da Ezkurdia eta Martijaren kasua. Binakakoan bizirik jarraitzeko dituzten aukera urriei eusten saiatuko dira gaur gauean Zornotzan, Urrutikoetxea-Albisuren aurka. Hamar aste igaro badira ere, sasoirik onenera heldu ezinik dabiltza 2020ko txapeldunak eta, geratzen zaizkien lau partidak irabazita ere, zaila dirudi aurretik dituzten bikoteei oraintxe ateratzen dizkieten hiru puntuak, gehi tantoen aldea, errekuperatzea.

Zornotzakoak, gainera, ez dirudi haien dohainentzat egokiena den pilotalekua, baina Aspeko sakandarrek ez dute aukeratzen ibiltzerik. Aurreko astean nolabaiteko sendotasuna berreskuratu izanaren zantzuak utzi ostean, irabazten hastea da duten aukera bakarra.

Martija sendoago aritu eta gero, Ezkurdia da orain erremateetan asmatzen hasi behar duena. Boleaz erritmoa jartzen saiatzea ondo dago, baina ezker gantxoarekin ere amaitu beharra dauka arbizuarrak, aurrera egin nahi badute. Urrutikoetxea-Albisuk gora begira jartzeko aukera ona dute.