GARA
MADRIL
SALBUESPEN POLITIKAK

Sorzabalek jasandako torturak frogatu gabetzat jo dituzte

Auzitegi Gorenak Iratxe Sorzabalen helegitea atzera bota eta iaz ezarri zitzaion 24 urteko zigorra berretsi zuen. Presoak salatutako torturak epaiketan ez direla frogatuta gelditu argudiaturik igorri zuen ebazpena.

Sorzabalen gorputza, komisaldegitik pasa ondoren.
Sorzabalen gorputza, komisaldegitik pasa ondoren. (GARA)

Auzitegi Gorenak 24 urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi du Iratxe Sorzabalentzat. Euskal presoak Guardia Zibilak 2001ean atxilotu eta bost egunez luzatu zen inkomunikazioan sufritutako torturak salatu zituen arren, atzo jakitera eman zen ebazpenak jasotzen du ez direla frogatu eta «ez dela nahikoa» Gobernuz Kanpoko Erakunde bati tratu txar horien berri ematea, epaiketan frogatu behar dela baizik.

Iaz Auzitegi Nazional espainolean epaitua izan zen irundarra. Guardia Zibilaren tortura latzak salatu zituen eta inkomunikazioan sufritutako tratu txarren ondorioz autoinkulpatzea deliberatu zuela argudiatu zuen. Elektrodoak, kolpeak eta poltsa praktikatu zizkioten, besteak beste, eta gorputza ere ukitzen ziotela azaldu zuen Sorzabalek.

Gainera, zaurien ondorioz ospitaleratua izan zen. Bertan artatu zuen medikuak espezialista ezberdinengana bideratu zuen. Sorzabali elektrodoek azalean utzitako arrasto guztiak medio, biopsia bat egin zioten eta orno bat mugituta zuela baieztatu zioten.

Halatan, euskal preso politikoak helegitea aurkeztu zuen, baina orain jakin den bezala, ez zaio aintzat hartu. Auzitegi Gorenak uste du tortura horiek egiaztatzeko egin zen ikerketa nahikoa izan zela eta epaiketan bertan egindako frogek hala berretsi zutela. Ebazpena akusazio gisa aritu zen Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) defendatutako estrategiaren ildo beretik doa.

Defentsak bi dokumentu aurkeztu zituen, bere tesia babesteko. Txosten bat, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearena; eta beste bat, Amnesty International Gobernuz Kanpoko Erakundearena, Sorzabalen atxiloketa inkomunikatuan tortura horiek «egiaztatutzat» jo zituena, hain zuzen ere.

Auzitegi Gorenak bi erakunde horiek baloratzen ditu giza eskubideen urraketen aurkako salaketetan. Izan ere, azpimarratu zuenez, «Torturaren Prebentziorako Batzordeak bere gain hartutako eginkizun garrantzitsuak ez du argudiatua izateko beharrik», eta, bestalde, gaineratu zuen «ez dela zalantzagarria ere Amnesty Internationalek gizakiaren duintasunaren aurkako jokabideak salatzeko duen paper garrantzitsua».

Zentzu horretan, epai-aretoaren esanetan, «Europako Kontseiluko batzorde bateko funtzionarioei edo Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko ordezkariei torturen biktima izan izana kontatzeak berebiziko garrantzia du, ez soilik tortura horien zigorgabetasuna eragozteko, baizik eta kontrol demokratikoak areagotzeko edozein gizartetan, baldin eta kexa horiekin axolagabe agertzen bada edo salatzailearen duintasunaren aurkako atentatuak zorrotz jazartzen ez baditu».

«Hala ere -jarraitzen du Auzitegi Gorenak ebazpenean-, jurisdikzio-prozesu bat aktibatu ondoren, eta torturen salatzea erabakigarria izan daitekeenean, (…) bere espazioa utzi behar dio aldeek egindako froga-jarduerari (...), eta hori da kasu honetan gertatu dena».