GARA
GASTEIZ

«Prebentzioa eta ikerketa» aldarri, Minbiziaren Aurkako Egunaren atarian

Bilbon egindako giza begizta.
Bilbon egindako giza begizta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Arriaga Antzokiko plazan eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ehunka pertsona elkartu ziren atzo Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, 2030erako biziraupena %70era iristeko «prebentzioa, detekzio goiztiarra eta ikerketa» aldarrikatzen.

Halaber, Bizkaiko minbizidun pertsonen hainbat elkartek (Acambi, Argia Ostomizatuak, Laringektomizatuen Bizkaiko Elkartea, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea, Aspanovas, Bizadelprise, La Cuadri del Hospi eta Pausoz Pauso) aldarrikapen hauek jasotzen dituen manifestu bat sinatu zuten.

Gipuzkoan, aldiz, ikerketarako hiru dirulaguntza banatu zituzten, ‘Guztiok Minbiziaren Aurka’ lelopean, guztira 480.000 euro bideratuz. Amaia Cipitria doktoreari ikerketa talde gazteak bultzatzeko laguntza eman zioten, 299.525 eurokoa; Marcos Arauzo Bravo doktoreak 180.000 euro jaso zituen, minbiziaren arloko medikuntza pertsonalizatuaren ikerketa bultzatzeko nazioarteko laguntzari esker; eta Maria Hernandezi laborategiko praktiketako laguntza eman zioten, 1.000 eurotik gorakoa.

Gaur, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Donostian, Iruñean eta Tuteran ere beste begizta bana egingo dute, 11.00etan, 12.15ean eta 11.30ean, hurrenez hurren. Horrekin batera, haurren abesbatzen kontzertu bana izango da Iruñean eta Tuteran, eta azken honetan bazkari solidarioa antolatu dute, besteak beste.

Osasun publiko «unibertsal eta doakoa» defendatu zuten atzo. «Ezinbestekotzat» jo zuten «osasun-sistema indartzea, gaixotasun hau duten pertsonei eta senideei arreta integrala bermatzea, osasuneko profesionalen prestakuntza eta informazioa hobetzea, finantzaketa publiko egonkorraren bidez».