Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
PILOTA

Altuna eta Tolosa aise gailendu dira, bigarren postua bideratuta utzita

Astindu ederra eman diote Aspekoek Baikokoei. Laso eta Imaz beren ohiko mailatik oso urruti ibili dira, bereziki atzelaria. Partida amaitu ostean Oiartzungoak adierazi du eskuineko eskua ez duela ondo, eta datorren astean, «behintzat», ez duela jokatuko.

Atzo, partida amaitu ostean, Altuna eta Tolosa garaipena ospatzen, eta Laso eta Imaz burumakur.
Atzo, partida amaitu ostean, Altuna eta Tolosa garaipena ospatzen, eta Laso eta Imaz burumakur. (Endika Portillo | FOKU)

«Hasieratik aldarte txarrarekin nengoen, biziki deseroso aritu naiz, eta ez diot bueltarik eman. Egindakoa ahaztu eta aurrera segitu behar dugu»; halaxe deskribatu zuen atzo Unai Lasok Jokin Altunaren eta Xabier Tolosaren aurka jokatutako partida. Ahazteko moduko partida jokatu zuten gorriek: beren ohiko mailatik oso urruti ibili baitziren.

Altunak ere aitortu zuen Eibarko Astelena pilotalekuan gertatutakoa ez zela «errealitatea» izan, beraiek dema «borobila» jokatu arren, Baikokoek «hau halako doblea» jokatzen dutelako. Bereziki Ander Imazi ikusi zitzaion deseroso, eta partida bukatu osteko adierazpenetan lehian antzematen zena berretsi zuen: eskuineko eskua ez duela ondo, eta datorren asteko partida, «behintzat», ez duelako jokatuko.

Neurketa ikusgarria espero zen, Binakako Txapelketa Nagusiko bigarren postua nork bideratuko, baina ez zen esperotakoa izan. Gipuzkoarrek erraz hartu zituzten mendean Laso eta Imaz, zeinak ezinean ibili ziren partida hasi eta buka. Hala, Aspekoek ligaxkako bigarren postua bideratuta utzi dute, hiru partidaren faltan. Izan ere, bi punturen aldea dute hirugarren sailkatuarekiko (Laso-Imaz), eta, gainera, koefizientea beren alde dute. Beraz, okerrik ezean, bigarren postua eskuratzeko ez lukete arazorik izan behar.

Lehiak ez zuen izan kolorerik, eta urdinek hasieratik partida ezin hobea jokatu zuten. Gainera, deigarria izan zen, amaierako tantoetara ailegatu arte, erabilitako pilota guztiak gorrienak izan zirela. Amezketarrak ohikoa duen maisutasunarekin ekin zion lehiari, lehen tantoan horma-biko ederra eginda, 0-1.

Segidan, Altunak era askotako erremateak egin zituen; besteak beste, boleaz, sake eta errestoan, atzeraino astinduta pilota eta gantxo bat airez. Horrela, zazpi tanto jarraian egin zituzten urdinek, eta 1-9 aurrea hartu markagailuan. Gorriak trakets ibili ziren; Lasok ezin izan zuen ia jokoan sartu, eta Imaz ez zebilen eroso atzean, zenbait pilota garbi galdu baitzituen.

ASPEKOEK, ZAZPI SEGIDAN

Aspeko bikoteak lortutako zuloa ixtea ia ezinezkoa zirudien Baikokoentzat, bai markagailuarengatik, baita erakusten ari ziren mailarengatik ere; are gehiago, ikusita Altuna erakusten ari zen eraginkortasuna erremateetan. Hamahirugarren tantoa izan zen ikusgarriena, Astelenako frontoiko ikusleak zutitzeraino. Lasok utzitako pilota zailera ozta-ozta helduta ere, Aspeko aurrelariak bi pareta ezin hobea egin zuen, 3-14.

Gorriek laugarren tantoa egin zuten Tolosak gora botatako pilota bati esker, baina hortik aurrera, Baikoko bikotearen aldeko markagailua ez zen mugitu, urdinak 21. tantora ailegatu ziren arte. Markagailuan ez, baina jokoan, behintzat, islatu zen piloteoa luzeagoa zela, eta Lasok izan zituela bere aukerak jokoan sartzeko. Hala ere, Oiartzungoari gozatu ezinean ikusi zitzaion kantxan eta huts egiten zuen bakoitzean etsita. Gainera, Aspeko bikoteak pilota bat baino gehiago jaurti zuen errebote ingurura, eta Imaz ezin jasorik aritu zen.

Urdinei 22ra ailegatzeko tanto bat falta zitzaiela, Lasok lau tanto egin zituen jarraian, eta behintzat markagailua zertxobait apaintzea lortu zuen. «Horrela irabaztea ezinezkoa da, haien meritua ere bada, baina guk oso gaizki jokatu dugu»; hala mintzatu zen Bizkarreta-Gerendiaingoa demaren ostean. Horrez gain, aurrelariak nabarmendu zuen ligaxkako bosgarren eta seigarren postuak «saihesten» saiatu behar dutela.