Maddi TXINTXURRETA
ZALDIBARKO HONDAMENDIA

Erantzukizunek uxatuko dituzte lanbroa eta kea

Gaur hiru urte gertatutakoa ahaztu ez dadin, beste urte batez Zaldibar Argitu herri arteko plataformak ekitaldia egin zuen atzo Eitzaga auzoan, hondamendiaren erdigunean. Bi langileren heriotza eragin zuen Zaldibarko zabortegiaren luizian ardura izan zuten ordezkari politikoek erantzukizunak har ditzatela exijitu zuten.

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen omenezko oroigarrian lore-eskaintza egin zuten herritarrek, txalapartak, dantzak eta musikak lagunduta.
Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen omenezko oroigarrian lore-eskaintza egin zuten herritarrek, txalapartak, dantzak eta musikak lagunduta. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ermua, Eibar, Zaldibar eta bestelako bazterretatik abiatutako hainbat pertsonak, oinez gehienak, «hondamendiaren erdigunean» egin zuten bat atzo. Eitzaga auzoan elkartu ziren, orain hiru urte Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran irentsi zituen zabortegitik metro gutxira. Hor batu ziren, hain justu, gogorarazteko Eitzagak baduela itxi gabeko zauri bat, pandemiak sortutako denbora arrakalak desagerrarazi ez duena eta ez dena sendatuko harik eta Zaldibarko zabortegiaren hondamenaren arduradunek erantzukizunak hartzen dituzten arte.

Auzunearen erdigunean eskegitako hiru kartel handik 2020ko otsailaren 6an luiziaren inguruabarrak agertzen zituzten. 2020ko otsailaren 6ko hondamendiaren aurrekariak zehazten zituen batek, Zaldibarko zabortegiari «hondakinen sektoreen zuloa» esaten zitzaionekoak: «2011n hasi zuen bere jarduna zabortegiak. Hasieran, 2030era arteko hondakin-bilketa aurreikusi bazuten ere, amildu aurretiko erritmoan 2022rako beteta egongo zen. 2012an, 185.000 tona jaso zituen; 2017an, 380.000; 2018an 500.000, eta beste hainbeste 2019an». Luiziaren egunean 500.000 tona amildu ziren, Joaquin Beltran -zeinaren gorpua ez zuten aurkitu- eta Alberto Sololuze azpian harrapatuz; baimenik gabe jasotzen zen amiantoak eragindako suteak etorri ziren gero, substantzia toxikoen barreiatzea atzetik. Hondamendia, lanaren, osasunaren eta ingurumenaren ikuspuntuetatik.

Hondamendia, alta, ez dute naturaltzat hartzen ezbeharra gertatu eta segituan mobilizatzera atera ziren herritarrek, eta herri arteko Zaldibar Argitu plataforma sortu zen, aldez edo moldez ardura pribatu eta politikoak argitu daitezela eskatu duen taldea. Ez du atsedenik hartu gaur arte eta plataforma honek deitu zituen herritarrak atzo Eitzagan egin zen ekitaldian parte hartzera.

Gertatutakoa ez dadin ahaztu antolatu zuen ekitaldia Zaldibar Argituk. Iaz ere hala egin zuen, eta memoria gordeko zuen oroigarri bat aurkeztu zuten Eitzagan. «Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoan. Langileak, osasuna eta erantzukizunak» zuen idatzita Iñaki Urizar zaldibartarraren eskulturak. Ankerkeria, baina, mugagabea izan daiteke, eta Zaldibarko Udalak dekretu bidez debekatu zuen. «Herriaren indarrak», ordea, lortu du hondamendia gogoratzen duen eskulturari behin betiko lekua ematea Eitzagan, eta hari egin zion aurreskua dantzariak, haren magalean etzan zituzten dozenaka lore.

Ekitaldian nabarmendu zutenez, ezbeharraz geroztik «maite dituen bazterrekiko ardura eta horiek defendatzeko indarra» erakutsi du hainbat lagunek eta «lanbroak eta bestelako keak ezkutatzen dituzten erantzukizunak eskatzera» jo dute kalera hainbatetan.

«Ekidin zitekeen»

«Hiru urte igaro dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia amildu zenetik; azken urteetako hondamendi ekologiko, sozial eta politiko handienetakoa eraginez», oroitu zuen Janire Lazkano Zaldibar Argituko kideak. Ordutik, hiru norabidetan lanean jardun da taldea; «langileak oroitzea, gaia ahanzturan ez erortzea eta erantzukizun guztiak argitzea exijitzea». Lazkanok esan zuen zabortegian jazotakoa eta bi langileen heriotzak ez zirela istripua izan, Verter Recycling-eko arduradunek «zuhurtziagabekeriazko homizidioa» onartu baitzuten epaitegietan. «Ekidin zitekeen hondamendia izan zela argi geratu da», esan zuen.

Ohartarazi zuen 2020ko otsailaren 6tik aurrera hainbat izan direla «euskal oasiaren harresian agertu diren arrakalak» eta agerian geratu dela «arduradun politikoen kudeaketa eredu iluna»: «Kontrol eta gardentasun falta, erantzun eta erantzukizun eza, prepotentzia. Iluntasun asko eta argi gutxi eman diote gure arduradun politikoek gai honi. Ardura politiko zuzenak izan arren, inork ez du ardurarik gain hartu».

Gertakariengatik ireki zen bide penala itxita dago, Verter Recycling enpresako hiru arduradunek akordioa lortu baitzuten Fiskaltzarekin eta hildako langileen familiekin. Aitzitik, Durangoko epaitegietan bigarren prozesu judiziala irekita dago, ingurumen delituengatik. Geyser HPC enpresako bost teknikari eta Lakuako Ingurumen Saileko hiru daude inputatuta.

«Gaizki dabiltza»

Ezbeharrak Euskal Herria astindu zuen, baina Eitzaga izan zen hondamendiaren erdigunea. «Urte luzez pairatu dute zabortegi nahiz bestelako makroproiektuen afera. Urte luzez sufritu dituzte kamioien joan-etorriak, lur eta uren kutsadura, zaratak, amiantoz betetako hondakinen gorabeherak. Eta orain guzti horri lurren desjabetzeak, inposizioa eta informazio eza gehitu zaizkio. Hiru urteotan ez dute ez Udalaren, ezta Jaurlaritzaren aldetik ere erantzun sendo eta zintzorik jaso», agertu zuen Lazkanok, jarraian auzotarrei hitza emateko.

«Eitzagako biztanleok lehenengo urtean oso gaizki pasatu genuen. Indarraren eta agintekeriaren menpe, pandemia eta zabortegiaren egonkortasunerako kudeatzaile profesional basati batzuen menpe, Alkatetza, Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren mespretxu handienaren menpe. Hainbeste aipatzen duten auzolana hemen ez dugu aurkitu», salatu zuen Eitzagako bizilagun batek.

Auzotarren ustez, agintariek gauza gehiegi egin dituzte «gaizki» hasieratik honaino: gaizki zabortegia Eitzagan kokatzen, gaizki maldan behera erori zenean; gaizki, gerora, hondamendia kudeatzen eta «gaizki dabiltza» orain ere, azpimarratu zuten, «uste dutelako denborarekin ahaztuko dela». Eta okerren dabiltzanak, gaitzetsi zutenez, Zaldibarko alkatea eta alkateordea dira, Jose Luis Maiztegui eta Juan Mari Uriarte, «herritarrekin bat egin beharrean, aurrez gaizki egindako dena tapatzen saiatzeagatik».

Berretsi zuten auzotarrek ez dutela orain hiru urte gertatutakoa ahaztuko eta Eitzagara hurbildu ziren herritarrei hau esan zieten: «Ikusten dugu zuek ere ez duzuela ahazten. Gu gutxi gara eta hemen gelditzen gara, zabortegiko kutsaduraren ondoriorik ez nabaritzeko esperantzan. Autopistatik joaten direnak ez daitezela ahaztu zelai berde horren azpian pozoi pila bat dagoela eta, batez ere, zuek ez zaitezte gurekin ahaztu. Beti ongi etorriak izango zarete».