Jon ORMAZABAL
PILOTA

Asteburuko karteldegiko puzzlea behar bezala osatzeko piezak falta

Baikok inor ez du Agirre-Iztueta larunbatean ordezteko eta, lehen itzulian bezala, Salaberria-Etxebarriaren aurkako lehia galdutzat emango zaie.

Iker Larrazabal lehen mailan estreinatuko da.
Iker Larrazabal lehen mailan estreinatuko da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Negua berriz ere gogor jotzen ari den honetan, eskuzko enpresa profesionalei manta motzarekin gertatu ohi dena pasatzen ari zaie, burua tapatuz gero hankak hozten zaizkiela eta beheko aldea babestuz gero goikoa dela agerian geratzen dena. Urteak dira pilotari taldeak gero eta murritzagoak direla, eta lehiaketa aldetik urteko sasoirik beteenean gabeziak azaleratu dira.

Denera 43 dira gaur egun Aspen (22) eta Baikon (21) dauden pilotariak, eta asteburuero, Lehen Mailako eta Promozioko txapelketekin bakarrik, gutxienez 32 behar dituzte lehiaketako konpromisoei erantzuteko. Hiru partidako jaialdiak salbuespena diren arren -asteburu honetan ez da bakarra ere egongo-, kopurua eskas geratzen da, lesioak edo eskuko minak pilatzen hasi orduko.

Egoera honen guztiaren ondoriorik larriena da, EPEL-ek atzo aditzera eman zuenez, larunbatean Markinan jokatzekoa zen Promozio mailako partida bertan behera geratu dela, Baikok Agirre-Iztueta bikote titularrarentzat ordezkorik ez duelako. Gauzak horrela, Salaberria-Oier Etxebarriak 22-0eko emaitzarekin eramango dute puntua. Patuaren kontuak, lehen itzulian gauza bera gertatu zen bi bikote hauen artean, eta liderrek pilotakada bakar bat jo beharrik izan gabe irabazi dituzte bi puntuak.

LARRAZABAL LEHEN MAILAN

Kontua da, lesioak pilatuta, Bilboko enpresako teknikariak asteburuko puzzlea osatzeko piezarik gabe topatu dituztela euren buruak, eta hori, azken bi asteetan jokatu ezinik aritu den Jon Mariezkurrenak igandean Labriten aritzeko prest dagoela esan duela.

Lehen Mailakoan, jakina zen Ander Imazen hutsaz harago, Mikel Urrutikoetxea ere ordeztu egin behar izan dute, Zaratamokoak lesio bat baitu ezker sorbaldan. Iñaki Artola eta Unai Alberdi aste batzuetarako bajan, Iker Larrazabal hautatu dute ostiralean Tafallan Albisurekin Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka aritzeko, baina Amurriokoarengana jo behar izanak Promoziokoan dituzten gabeziak areagotu baino ez ditu egin. Larrazabal eta Eskirozek, esaterako, 24 ordutan lehen eta bigarren mailako partidak jokatu beharko dituzte, larunbatean bakoitzak bere aldetik eta igandean Altsasun bikotea osatuta, eta Alberdi-Uriondok ordezkatuko dituzte larunbatean Labriten Zubizarreta eta Elizegi.

3 PARTIDA 24 ORDUTAN

Arazoak, ordea, ez dira Baikora mugatzen, nahiz eta Bilboko enpresan eragin handiagoa izan duten. Lehen mailakoan ez bezala, Promoziokoan ugariak izaten ari dira gazteen eskuko minak -adibidez, azken bi jardunaldietan ez da ordezkapenik gabeko partidarik jokatu-, eta Victorren kasua ere ikaragarri esanguratsua izaten ari da, kontratua bederatzi hilabetez luzatu eta gutxira.

Azkenean bere enpresak atzera egin bazuen ere, Ezcaraikoa hiru partidatan iragarrita egon zen 24 ordutan: larunbatean Zabalaren ordezko, Idiazabalen Promozioko Binakakoan; igande goizez lau eta erdiko lagunarteko batean, Ribaforadan; eta arratsaldez Egigurenen ordezko, Eibarren, berriz ere txapelketan. Azken orduan, kaiolakoa bertan behera geratu zen, eta afizionatuen arteko partida bat jokatu zuten Tuterako Merindadeko herrian.