Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sailkapeneko bi ertzak, hausteko bidean

Jaka-Aranguren gaur eror daitezke.
Jaka-Aranguren gaur eror daitezke. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pilotarien bidezko eskakizun bategatik egin bazuten ere, pozik egon daitezke EPELeko enpresetako ordezkariak txapelketa sistema aldatu izanarekin; orain artekoarekin jarraitu izan balute, hiru abiadurako Binakako honekin azken bi jardunaldiak sobran egoteko arriskua egongo bailitzateke. Izan ere, asteburu honek uzten dituen emaitzen arabera, lehen bi postuak eta azken biak erabakita gera daitezke. Orain arteko sistemarekin hirugarren eta seigarren postuen artean geratzeak inolako abantailarik ez zekarrenez -dena partida bakarrean jokatzen zuten lau bikote hauek-, azken bi jardunaldiek interesa gal zezaketen. Orain, ordea, hirugarren eta laugarren izateak finalerdietan egoteko bigarren aukera bat eskaintzen duenez, borroka horrek azken astera arte iraungo du.

Hamaika jardunaldi jokatuta, bikote bakoitzak oso argi du zein den lehen ligaxka honetako bere helburua, eta bakarra da lanak eginda dituena, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak osatutakoa, honek ziurtatuta baitu lehen bi postuetan amaitzea. Bi puntuko desabantaila duten arren, Altuna III.a eta Tolosa dira hauen erritmoari eusteko gai izan diren bakarrak, baita liderrei partida bat irabazteko ere. Amezketarrak eta anoetarrak ere asteburu honetan ziurta lezakete finalerdietarako txartela eta horretarako bi bide dituzte. Horretarako, nahikoa lukete bihar Labriten Peña-Mariezkurrena bikoteari irabaztea edota Markinan Elordi-Zabaletak Laso eta Imazen ordez arituko den Eskiroz garaitzea.

DRAMA ALTSASUN

Asteburuko partidarik dramatikoena igandean jokatuko da, Altsasun, bertan ariko baitira sailkapeneko azken bi postuak betetzen dituzten bi bikoteak; Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren. Nahitaez irabazi beharreko partida dute bi bikoteek eta irabazteak ere ez die ezer ziurtatzen. Aurreko astean irabazteak indarra eman die bi bikoteei, baina biek dakite euren aukerak zeinen urriak diren. Irabazita, 2020ko txapeldunek puntu bakarrera izango lukete seigarren postua eta, beste emaitzen arabera, baita bosgarrena ere, eta horixe izango da euren helburua.

Zailagoa da Erik Jaka eta Aitor Arangurenen egoera. Dituzten hiru partidak irabazi beharra dute, bai eta Peio Etxeberriak eta Rezustak euren hirurak galtzea ere. Hau da, gaur bertan kanporatuta gera litezke, Zenotzekoak eta Bergarakoak Tafallan irabaziz gero.