Amaia ZURUTUZA
Elkarrizketa
Eneko Iriarte
Geologian doktorea eta berreraikuntza paleoanbientalean aditua

«Turkian eraikinek lurrikaren kontrako araudia bete behar dute 2000. urtetik»

Lurrikarak gertatzeko aukera oso handia da Turkian eta Sirian. 1999. urtean 20.000 hildako eragin zituen lur astindu handi batek Turkian. Oraingoak suntsitu dituen eraikuntza asko aurreko hura gertatu aurretik eraikitakoak direla uste du Eneko Iriarte geologoak.

Eneko Iriarte, geologian doktorea eta berreraikuntza paleoanbientalean aditua, irakaslea da Burgosko unibertsitatean eta Aranzadi zientzia elkarteko Geologia Saileko kidea ere bada. Turkia, Siria eta Kurdistanen milaka heriotza eragin dituzten lurrikaren inguruan aritu da NAIZ Irratian.

Turkian «nahiko barneratuta» dute lurrikaren aurrean nola jokatu behar duten, 1999. urtean gertatu zenak 20.000 hildako eragin ostean. Lur mugimenduak ohikoak dira han, baina «normalean askoz txikiagoak» dira, Iriarteren esanetan. Egiazki, «ehunka» lurrikara izan dira azken egunetan, erreplika asko, 6 gradutik gorakoak hainbat, nahiz eta gehienak magnitude horren azpikoak izan diren. Geologoak azaldu du Turkia, Siria eta Kurdistanen txikizioa eragin duten 7,8 graduko lurrikararen eta ondoren izandako 7,5eko erreplika handiaren artean aldea nabarmena dela; «dezima bakarrean energia izugarri aldatzen da; 32 aldiz handiagoa da».

Erreplika berriak gerta daitezkeela ohartarazi du eta, hala izanez gero, lehen lurrikaretan kalte nahiko handiak jasan dituzten eraikinak behera eror litezkeela. Siria iparraldean egondakoa da Iriarte eta azaldu du bertako eraikin asko baxuak direla, elkarri itsatsita daudela eta bat hausten denean normalean ingurukoak ere erori egiten direla.

«Hondamen ahalik eta txikiena»

Iriarteren esanetan, «geologiaren ezagutzak» hainbat jarraibide eskaintzen ditu lurrikaren «suntsipena ahalik eta txikiena izateko». Azpimarratu du «lana ondo eginez gero» kalteak txikitzea lor daitekeela, betiere aurretiko lanketa bat egiteko aukera badago, esaterako, eraikinak halako mehatxuetarako prestatzen badira. Sirian, ordea, 11 urteko gerraren ostean egoera zinez kaskarra da eta azken urteetan suntsituriko eraikinak ahal bezala berreraiki dituzte. Ondorioz, lurrikara handi bat iritsi denean «oso erraz» erori dira.

Turkian, berriz, 1999an 20.000 hildako eragin zituen lurrikararen ostean, eraikinek «arau sismo-erresistente bat» bete behar dute. Iriarteren ustez, orain txikituta geratu diren eraikin asko aurretik eraikitakoak izango dira ziur asko.