Memoria guneak, Estatuaren biktimak aitortzeko lekuak
Estatuaren bortxa ezkutuan egon da urte luzez, baita bortxa hori praktikatutako leku zehatzak ere. Estatuaren biktimei ahotsa eta lekua eman nahian memoria guneak sortzen dabiltza munduan barrena. Donostiako “La Cumbre” izan daiteke hurrena.

Ekainean onartu zen Espainiako Kongresuan Memoria Demokratikoaren Legea, Estatu-bortxarekin lotutako eraikinak biktimen memoria gune bilakatzea dakarren legea. Euskal Herriaren kasuan, Ezkabako gotorlekua eta Donostiako “La Cumbre” jauregia lirateke memoria gune bilakatu beharreko bi espazio. Azken honen kasuan, eskumenak Donostiako Udalak izango ditu aurki, eta testuinguru honetan Egiari Zor fundazioak eta Mikel Zabalza Herri Ekimenak elkarlanean mahai ingurua egin zuten joan den astean. Hiru esperientzia bildu ziren mahai bueltan: Portugaldik, Domingos Abrantes, Lisboako “Museu Nacional Resistencia e Liberdadeko” kidea; Irlandatik, Maeve McLaughlin, ‘The Museum of Free Derryko’ ordezkaria; eta Argentinatik etorritako Santi Bereciartua, GGEEko idazkaria eta Maiatzeko Plazaren amamak-en ordezkaria.
Denek nabarmendu zuten egian eta justizian oinarritutako gizarte bat eraikitzeko, ezinbestekoa dela memoriari eta biktimen ahotsari bide ematea. Mahai gainean jarritako hiru esperientziek antzekotasun batzuk badituzte, baina ezberdinak dira. Herrialde bakoitzaren egoera soziopolitikoaren eraginez, bakoitzak bere errealitatera moldatu beharreko prozesuak direla adierazi zuten. Gizarte zibilak paper esanguratsu bat jokatu behar duen ideiarekin bat datoz hirurak, eta baita Axun Lasa ere, Joxean Lasaren arreba.
“La Cumbre’ jauregian torturatu zituen GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala; 1989an jauregi horretan bertan bildu izan zen Espainiako Justizia Ministroa bere aholkulari taldearekin, aurrez bertan gertatutakoa ezkutuan mantenduz. Eta 2014an Lasa eta Zabala filmaren grabaketarako, jauregi barruan zenbait eszena grabatzeko baimena eskatu bazuten ere, Madrileko Gobernuak ezezkoa eman zien.
Zentzu horretan, Axun Lasak aitortu zuen oraindik jauregiaren izenak beldurra ematen diola, baina pentsatzen duela aienatuko dela: «Nahi nuke jauregi horren esanahia aldatzea, guretzat etxea izatea; Estatuaren biktima garenok ez dugu etxerik izan, eta nahi nuke espazio bat zeinetan irri eta negar egingo dugun». Etorkizunari eta gazteei ere begiratu zien, belaunaldi berriek ezagutu beharreko memoriaren parte dela uste baitu.
Nazioarteko hizlariek bakegintzan memoriak eta kasu honetan memoria guneek bete dezaketen «ezinbesteko» papera izan zuten hizketagai.
Portugalen faxismoa argira
Abrantesek azaldu zuen Portugalgo kasua, Peniche hirian dagoen museoa aurkeztuz. Baina adibide zehatzera joan aurretik, Portugalen horrelako museo edo memoria guneak sortzeko erabilitako filosofia argitu zuen: «Gure ondorengoei gogorarazi nahi diegu askatasuna irabazi egiten dela, eta herri honek faxismoari aurre egiteagatik lortu duela askatasuna. Ezkutatzen ahalegindu arren, faxismoa existitu dela azaldu nahi dugu, eta bide horretan biktimei eta torturatuei ahotsa eman». Hango ikastetxe guztiek egiten dituzte bisitak, eta «lanketa pedagogiko handia» egiten dela goraipatu zuen.
Portugalen faxismoa agintean egon zen bitartean Estatu bortxa jaso zutenen omenez egin zuten museoa Penichen, eta ez zuten hutsetik sortu, tokiak berak esanahi handia baitu: bertako kartzela bihurtu zuten museo. Garaiko «sinbolorik beltzena» zen espetxe hori portugaldarraren arabera, eta 2.600 preso inguru igaro ziren handik, hamar bat urtetan. Kartzelako egiturak zeuden bezala mantentzea lortu zuten, eta preso bakoitzaren izen-abizenak eta irudiak jaso zituzten bertan. Poliziaren artxibategia ere museoa kudeatzen zuen taldearen esku utzi zuen estatuak, eta, horrela, bestela lortzea ezinezkoak izango liratekeen testigantzak eta datuak lortu zituzten.
«Kartzelak ere borroka eremuak dira; preso sartu gintuztenean gu damutzea nahi zuten, baina duintasunari eusten jakin genuen», esan zuen Abrantesek, eta espetxearen zati bakoitzean egon ziren hilketak eta torturak jaso zituzten. Memoria Penicheko hiri osora zabaldu nahi izan dute, ordea. Izan ere, herria bera ere «elkartasunezko herri bat» izan dela gogoratu zuen, garaian presoak bisitatzen zituzten familiei laguntzeagatik bertako herritarrak ere mehatxatuak izan zirelako. Eta egun, museo barruan faxismoa zer zen, erantzuleak nortzuk ziren eta zer egiten zuten azaltzen badute ere, herrian zehar herritarrei aitortza egiten diete.
Derryn biktimen senideak
Ipar Irlandako «igande odoltsuari» lotuta, 1999an ikerketa publiko bat abiatu zen, 1972an akabatu zituzten hamalau herritarren kasuan sakontzeko. Eta proiektu hark bide eman zion Derryn museo bat eraikitzeari. Museoak hiru helburu nagusi dituela azaldu zuen Mc Laughlinek: «Batetik, aitortu gabeko errelato bat kontatzen dugu; bestetik, ate berriak irekitzen ditugu munduan gure esperientziatik ikasteko; eta, hirugarrenik, aktibo bat da gure herriaren bakegintzan». Ipar Irlandako herritarrak «egiarekiko sarbidea» izateak «batzen» dituela esan zuen.
Museoari dagokionez, lekua bera ere historikoa da: «Gertatu zena kontatzen du lekuak berak, oraindik paretetan bala zuloak daude». Errelatoa kontatzeko ikuspuntuari ere garrantzia berezia ematen diote: «kaltetuenen» ikuspegitik kontatzen dute historia. Horretarako ezinbestekoak dira bertako langileak, biktimen senitartekoak baitira museoko gidariak; «horrek inpaktu handi bat sortzen du, egia humanoa ikusarazten laguntzen dizu».
Egun, museoa bera eraldaketa sozialerako «aktiboa» dela adierazi zuen irlandarrak. Izan ere, museo bat izatetik harago, hezkuntzan ere paper garrantzitsua jokatzen duela aipatu zuen, baita zenbait elkarrizketa «ezeroso bezain interesgarri» sortzeko lekua ere. Eta batez ere, egunero bakea lantzen dela azpimarratu zuen, «bakea egunero landu behar delako».
Argentinan «pedagogia»
Bereciartuak horrelako memoria ekimenetan gizarte zibilak eta biktimek zein biktimen senideek duten garrantzia nabarmendu zuen. Argentinan, legeak dituzte memoria guneak erregulatzeko, eta baita memoriari lotuta dauden politika publikoetarako printzipioak ere, bere ustez «ezinbestekoak» direnak.
800 atxilotze etxe klandestino identifikatu dituzte eta horietako 40 jada museoak dira. Rosario herriko museoa ezagutzen du berak gehien, eta han jazotako gertakariez gain, mundu osoko genozidioen berri ere ematen du museoak. Bere arabera, ez aurreko bi adibideetan bezain «gordin», ikastetxeekin lan egitera eta ikerketara bideratuta baitago gehiago, baita artearen bidezko errepresentazioak jasotzera ere.
Era ezberdinetakoak izan daitezke memoria guneak Bereciartuaren aburuz, baina funtsezko zerbait bete behar dute denek: «Diskurtso batekin lotuta egon behar dute, esateko mezu bat behar da, eta entzungo zaituen norbait; gure kasuan gazteei bideratuta dago».
Garrantzitsua iruditzen zaio beraiek darabilten printzipioa partekatzea: «Biktima bakoitzak zer egin zuen ez da galdetzen, biktima mota asko daudelako. Guk Estatuaren errepresioa jaso duten guztiei tokia egin diegu, eta zeren alde borrokan ari ziren azpimarratzen ahalegindu gara, nolako mundua nahi zuten eta ez zehazki zer egin zuten».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
