Ainara RODRIGUEZ
DONOSTIA

Gaindegia, abian: «Instituzioek egiten ez dutena jendarteak egin behar du»

«Euskal Herria herrialde kutsatzaileenen artean dago» lerroburuarekin itzuli da Gaindegia. Lurralde osoko datuak hartzen dituen behategiak bi urteko hibernazio publikoa izan du, ekonomiak baldintzatua.

Xabier Oleaga Gaindegiako behin-behineko idazkaria da. NAIZ Irratiko estudioetan izan zen atzo.
Xabier Oleaga Gaindegiako behin-behineko idazkaria da. NAIZ Irratiko estudioetan izan zen atzo. (NAIZ IRRATIA)

2021eko ekainaren 30ean «aktibitatearen geldialdia» iragarri zuen Gaindegia behatokiak. Xabier Oleaga behin-behineko idazkariak osasun krisitik eratorritako «produktibitate gabezia» jotzen du geldialdiaren arrazoi nagusitzat. Hala ere, pausa kanpora begirakoa izan zen bakarrik. «Gogoetaren ikuspegitik ez da izan. Horren emaitza da une hau», esan zuen atzo NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan.

Gaindegia bideragarria izan dadin, «nortasuna, esparrua eta aitortza soziala» ezinbestekoak dira Oleagaren ustez. Behatokiaren izaeraren berezitasuna da ikerketetan zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituela. «Inork ez du bere esparru administratiboaz harago ikertzen. Administrazioak egiten ez duena jendarteak egin behar du».

Kontatu zuenez, bi urteotan jendeak Gaindegiaren falta sumatu du. «Ze ongi ez dituzuela ateak itxi!», izan da jaso duten mezua.

Gogoeta sustatu nahian

Indarberrituta datoz, bost laguneko behin-behineko zuzendaritza batekin. Etorkizuneko helburuen artean, «Gaindegiaren barne egitura sendotzea» eta iragarri berri den adierazle sozioekonomikoaren galeriaren «dibulgazioa» daude. Hemendik urte bukaerara gogoeta sustatuko dute honen inguruan, eta xede horri erantzun dio «Euskal Herria herrialde kutsatzaileenen artean dago» lerroburuak.

Barnera begira, zuzendaritza egonkor bat osatzea da asmoa. Momentuz batzorde akademikoa deitu dutena izango du aldamenean, babesa eta kalitatearen bermea ematen Gaindegiak egingo duen lanari. «Akademikoa deitu dugu unibertsitateko osagai inportante bat egongo delako; baina ez da izango bakarrik unibertsitatekoa, eragile sozioekonomikoen alorrean punta-puntako jendea sartu nahi genuke».

Babes instituzionala handitu

Gaindegiaren idazkariak ekimen sozialaren eta babes instituzionalaren formula nabarmendu zuen. «Uztarketa hori izaten denean, ondo funtzionatzen dute gauzek. Hori neurri bateraino lortu dugu. Babes instituzionala areagotzea izango litzateke helburua».

Ikerketa lanetan ari dira orain. Esperientzia metatua du horretan Gaindegiak, instituzioekin jarduteko orduan egokitzen jakiteko eta baita konbikziozko diskurtso bat hedatzen joateko ere. «Gauzak ondo doaz eta emaitzak ikusiko ditugu epe laburrean», iragarri zuen Oleagak.

Bestelako eragileen artean ere harrera oso ona dela esan zuen. Aurkezpen bat egin zuten eta han izan ziren hedabideak, entitate finantzarioak eta Bidasoaz bi aldeetako erakunde garrantzitsuak.

Ingurugiroarekiko zorra

Demografia, ekonomia, jendartea eta ingurugiroa jaso ditu Gaindegiaren 2022. urteko txostenak. Azken neurgai hori berria da. Oleagak adierazi zuen «aspaldiko zor» bat zela. «Bazen garaia», esan die batek baino gehiagok.

Lanaren ondorio nabarmenetako bat da Euskal Herriak mundu mailako CO2 isurketa ratioak «ia bikoiztu» dituela. Neurketak «inpaktu soziala» sortu du. Oleagak azaldu zuen arlo teknikoan datuak ezagunak zirela, baina klase politikoak jendarteari ezkutatu izan dizkiola sufrimendua saihesteko edo demagogia egiteko.