GARA
BILBO

Adin txikikoek urtean bi hil pasatzen dituzte pantailetara konektatuta

Adingabeek egunean lau ordu inguru igarotzen dituzte pantailen aurrean, ikasgeletan pasatzen dituztenez gain. Tarte horretan, Tik Tok bezalako sare sozialak erabiltzen dituzte, batez ere, WhatsApp bezalako komunikazio aplikazioak baino gehiago.

Datuak “Alphatik Zetara; belaunaldi digitalak hezten” ikerketan eman dituzte. Familientzako segurtasun eta kontrol digitalean espezializatua dagoen Qustodio plataformak egin du ikerketa; munduan lau milioi erabiltzailetik gora ditu, eta urtero erradiografiatzen du adingabeek nola erabiltzen dituzten sareak.

Eduardo Cruz plataformaren arduradunak azpimarratu du oso garrantzitsua dela «dieta digitala» egitea, Interneten eta pantailen abantailak aprobetxatu eta aldi berean arriskuak eta mehatxuak saihesteko.

Adingabeek pantailak arduraz eta neurriz erabiltzeko gomendio eta aholku nagusien artean honakoak aipatu ditu: «Ordutegi teknologikoa» ezartzea, ingurune digitalei buruz hitz egitea, adingabeek ez ditzatela pantailak erabili haien geletan itxita, eduki digitalak familian partekatzea, mundu fisikoan edo «errealean» alternatiba erakargarriak eskaintzea eta adin nagusikoak eredu izatea.

Cruzek azpimarratu du konektagarritasunik gabeko ordutegiak ezartzea interesgarria izan daitekeela, eta pantailek ez dietela denborarik edo lekurik kendu behar beste jarduera batzuei, hala nola loa, ikasketak edo aisialdiko jarduerak.

Era berean, ohartarazi du hiperkonektibitatea problema larria bihurtzen ari dela kasu askotan, eta mendekotasun arazoak sortzen dituela.