Kalte emozionalak dituzten haurrentzat familien bila ari dira
Prestakuntza duten familiek osasun mentaleko, jokabideko edo egokitzapeneko arazoak dituzten haurrak hartzeko programa bat abian jarriko dute Hego Euskal Herrian, bai eta Madrilen eta Katalunian ere. Gipuzkoan programa martxan dago orain dela 15 urte.

Nafarroan eta Araban bakarrik ez, Madrilen eta Katalunian ere osasun mentaleko, jokabideko edo egokitzapeneko arazoak dituzten eta gaur egun egoitzetan dauden haurrak hartzeko berariazko lanbide heziketa duten familien bila ari dira proiektu bat garatzeko.
Proiektua Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030eko Ministerio espainolak finantzatzen du, Europako funtsekin, eta Estatuko edozein autonomia erkidegotara hedatzeko helburua du. Erkidegoei dagokie familia horiek topatzea.
Adingabeen arreta bermatzeko, familiaren kideetako batek gutxienez prestakuntza berezia eta erabateko prestutasuna izatea eskatzen da.
Familia harrera espezializatu hau administrazioak tutoretzapean edo zaintzapean dituen 7 eta 18 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eragindako kalte emozionalak etxean bertan konpontzen lagunduko duen familia ingurune batean bizi daitezen.
Esku-hartze plan egituratu bat garatzeko gaitasuna izan behar duten familiei beste profesional batzuekin taldean lan egitea eskatzen zaie, eta prozesu osoan lagunduko zaie, bizikidetzaren zenbait unetan sor daitezkeen zailtasunak gainditzeko, Hezkuntza Komunitateen Nazioarteko Federazioko (FICE) Josu Gagok Eferi azaldu zionez.
Gobernu espainolaren helburua 2030ean tutoretzapeko adingabeen %70 familietan eta %30 egoitzetan bizitzea da. Halaber, 2026an zentro batean 6 urtetik beherako haur bakar bat ere ez bizitzeko konpromisoa hartu du, eta 2030ean 10 urtetik beherakorik ez.
Gipuzkoan duela 15 urtetik
Programa orain dela 15 urte martxan dago Gipuzkoan, harreran dauden 19 adingaberekin. «Dagoeneko funtzionatzen duen eredu bat da eta lurralde bakoitzean egokitzea interesatzen zaigu, errepikatu ahal izateko; ez dator ezer ordezkatzera, dagoena osatzera baizik», argitu zuen Gagok.
Familiek Hezkuntza Ministerio espainolaren prestakuntza homologatua izan behar dute Psikologian, Gizarte Langintzan, Magisteritzan eta eremu soziosanitarioko beste batzuetan. Gainera, gutxienez bi urteko esperientzia eskatzen zaie haurrekin lan egiteko, eta lan arautuan aritzeko konpromisoa ere bai.
Ordainsaria
«Familiek ordainsaria jasotzen dute, kasu askotan lan egiteari uzten diotelako», jakinarazi zuen adituak. Kopurua autonomia erkidegoaren araberakoa izango da. Gipuzkoan bi mila eurotik gorakoa da.
Kanpaina elkargo profesionaletan abiatuko dute batez ere. Dagoeneko taldeak osatu dituzte prozesuari hasiera emateko. Hego Euskal Herria, Katalunia eta Madrilen artean 60 haur hartu nahi dituzte.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
