Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Egunero behar genuen», «Egunkaria» itxi osteko kronika

«Euskaldunon Egunkaria» itxi zenetik «Berria» argitaratzen hasi zen arte, lau hilabetean, «Egunero» izeneko egunkaria plazaratu zen. Bertako langile zen Imanol Muruak «emergentziazko egunkari» horren kronika jaso du liburu batean.

Martin Anso, Imanol Murua eta Irune Lasa, «Egunero behar genuen» libururaren aurkezpenean.
Martin Anso, Imanol Murua eta Irune Lasa, «Egunero behar genuen» libururaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Euskadunon Egunkaria”-ren itxieraren urteurrenaren bueltan, “Egunero behar genuen” liburua aurkeztu zuen Imanol Muruak atzo, “Egunkaria”-ko, “Egunero”-ko eta “Berria”-ko kazetari ohiak. Egun batetik bestera egunkari bat nola sortu zuten eta “Egunero”-ren «bizitza laburra» kontatzen du Muruak. «Bidegabekeria erraldoi» baten aurrean emandako erantzun masibo eta anitzen artean «gakoa» izan zen hurrengo egunean bertan “Egunero” kaleratzea, bere iritziz.

Martin Anso editoreak eta Irune Lasa kazetariak lagunduta egin zuen aurkezpena Andoaingo Martin Ugalde parkean. “Berria”-k, Elkarrek eta Jakinek elkarlanean osatzen duten Aleka bildumaren barruan argitaratu du liburua, eta oso eskertuta dago «kazetaritza pausatuari» eskaintzen zaion tarteagatik. «Erreportaje luze» forma duela adierazi du Muruak, eta bederatzi zatitan banatuta dago liburua.

“Egunkaria”-ren itxieraren biharamunean sortu zuten bertako kazetariek “Egunero”; idazlearen esanetan, garrantzitsua zen euskara hutsezko prentsan «etenik» ez egotea. Eta gertakari «traumatiko» horren ostean, alde positibo bat nabarmendu zuen: erantzuna. Eremu askotako erantzuna izan zen, mobilizazioak antolatu ziren, herriz herri garatutako kanpainak… «Denak beharrezkoak izan ziren, baina ‘Egunero’-rekin asmatu genuen, gakoa izan zen».

Etenik ez egotea nola izan zen posible kontatzen du liburuan, eta lehen erabakia hartzea ez zitzaiela kostatu aitortu zuen: «Hartutako lehen erabakia hurrengo egunean egunkaria ateratzea izan zen. “Egin” itxi zutenean “Euskadi Información” sortu zuten bertako langileek, eta eredu hori bagenuenez, guk ere gauza bera egin genuen».

Momentu «nahasiak» izan baziren ere, «hiru osagairen koktelaren ondorioz» lortu zuten “Egunero” ateratzea. Batetik, langileek proiektuarekiko zuten atxikimendua azpimarratu zuen Muruak -«guretzat lanbide bat baino gehiago zen, gure proiektua zen»-, bigarrenik, herritarren elkartasun olatua, eta azkenik, amorrua.

«Erresilientziaren ikur»

Irune Lasa “Berria”-ko kazetariak orduko oroitzapenak ekarri zituen aurkezpenera. «Euskalgintzaren erresilientziaren ikur» gisa definitu zuen lau hilabete iraun zuen egunkari hura. «Trauma» bati egokitzen jakin izana eta «babesa eman zein jasotzeko» modu bat izan zela azpimarratu zuen.

Hasierako momentuak ekarri zituen gogora: «Batetik, gogoratzen dut Guardia Zibila, Antiguako tunelean manifestazioa, Martxelo Otamendik telebistan egindako testigantzak… eta, bestetik, guk egunerokoan bizi genuena: batzarrak, Tolosako erredakzioa, nekea, baliabide falta…».

Jasotako elkartasuna azpimarratu zuen, «espero gabe» jasotakoa: «Gogoratzen dut Euskaltelek telefonoz betetako kaxa bat bidali zigula; elkartasuna zenbaterainokoa zen adierazi zuen horrek niretzat».

Prozesu «bitxia»

Liburua sortzeko prozesua azaldu zuen Muruak. 2010ean unibertsitateko lan bat zela-eta, “Egunero”-n lankide izan zituen zazpi kide elkarrizketatu (bakoitza eremu bateko arduraduna) eta haien lanak nolakoak izan ziren jaso zuen.

Hamahiru urte geroago, ordenagailuko karpeta batetik erreskatatu eta berridatzi egin zuela azaldu zuen; «erreportaje itxura eman diot». “Euskaldunon Egunkaria”-ren sorreraren, itxieraren, auziaren… inguruan lan asko egin dela esan zuen, eta berak «puzzle erraldoi horretan beste pieza bat» jarri nahi izan duela gaineratu.