Ion GARATE
Elkarrizketa
XABI TOLOSA
Aspeko pilotaria

«Aukerarik onena nire pilota ibilbideko momenturik onenean iritsi zait»

Lehen Mailako Binakako Txapelketan bigarren urtea du Xabi Tolosak (Anoeta, 1995). Eta aurtengo lehian, gero eta tratu eta konfiantza handiagoa duen Jokin Altunarekin batera, finalerdietarako ligaxkarako txartela eskuratu du, lehen fasea amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Orain lana errematatu nahi du atzelariak, NAIZ Irratian aitortu duen moduan.

(Endika PORTILLO | FOKU)
Dagoeneko ziurtatuta duzue finalerdietarako txartela. Pozik izango zarete, ezta?

Bai, noski baietz. Txapelketa hasieran helburu nagusia play offetan egotea zen eta, aukera baldin bazegoen, hirugarren edo laugarren postu hori eskuratzea. Txapelketa hasieratik gauzak oso ondo joan zaizkigu, emaitzek lagundu digute, joko maila onarekin bigarren postua ziurtatzea lortu dugu eta finalerdietan gaude.

Bikain ari zarete Jokin eta biak. Bederatzi garaipen pilatu dituzue orain arte. Nola baloratzen duzu momentuz egindakoa?

Balantzea oso positiboa dela esango nuke. Hamabi partida jokatu ditugu txapelketan eta bederatzi irabaztea lortu dugu. Bikote bezala iruditzen zait oso ondo funtzionatzen ari garela; biok elkarren arteko harremana oso ona da. Kantxan ni atzean seguru jokatzen ari naizela iruditzen zait, pilota gutxi galtzen. Eta Jokin aurrean, denok dakigun bezala, artista hutsa da eta aukera txikienarekin tanto ederrak lortzen ditu. Bikote bezala ondo funtzionatzen ari garela iruditzen zait, eta hori da garrantzitsuena.

Jokinekin jokatzeak presioa ala lasaitasun gehiago jartzen du atzelariarengan?

Bietatik pixka bat. Txapelketa hastean-eta, esaten dizutenean Jokin Altunarekin jokatuko duzula, presio puntu bat ere bada, txapelketa guztietan goiko puntan egon nahi baitu, eta txapel guztiak lortzeko borrokan ibiltzen da. Hori jakinda, badakizu maila ona eman beharko duzula eta goian egon beharra dagoela. Gero, partida jokatzen ari zarenean eta kantxa barruan zaudenean, ematen dizun lasaitasuna ere izugarria da eta lana “errazagoa” bihurtzen da.

Zu ere lan bikaina egiten ari zara. Zer sentsazio dituzu?

Pertsonalki gustura eta lasai ari naiz. Aurten, gainera, bigarren urtea da niretzat txapelketa nagusian, eta lehengo urtean Ezkurdiarekin asko ikasi nuen. Niretzat dena berria izan zen, eta lehengo urteko esperientzia guztiak aurten balio izan dit egoerak eta emozioak hobeto kudeatzeko. Iruditzen zait joko aldetik, zazpiko koadro inguru horretatik, atzealdetik gehienbat, oso ondo jokatzen ari naizela, altuera emanez eta aurkariei pilota gutxi utziz tantoa bukatzeko. Bigarren itzulian aurreko koadroetatik ere pilota gehiago astintzen ari naiz, eta Jokini aukera gehiago sortzen.

Zure momenturik gozoenean zaudela esango al zenuke?

Baliteke baietz. Nik argi daukat aukerarik hoberena nire pilota ibilbideko momenturik onenean iritsi zaidala. Azkenean Jokinekin jokatzea izugarria da niretzat, hor goian egoteko aukera ematen dizu. Ni kontziente naiz, gauzak ondo egin nahi ditut, izugarri saiatzen ari naiz gauzak ahalik eta ondoen egiteko. Orain daukadan aukera hau %100ean aprobetxatu nahi dut.

Nolakoa da Jokinekin elkarbizitza, bai kantxa barruan eta baita kanpoan ere?

Azkenean goian egon nahi du eta dena ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara, baina gero elkarbizitza oso normala eta lasaia da. Pertsona umila da, langilea, eta nire herriko kuadrillako batekin egotea bezalako tratua da. Hemen elkar ondo ezagutzen dugu, biok Tolosaldea eskualdekoak gara eta aspaldiko lagunak gara. Ordu asko egin ditugu automobilean. Elkarrekin dugun tratua eta konfiantza orain, txapelketa hasierarekin alderatuz gero, askoz ere hobea eta handiagoa da. Izugarri laguntzen ari zait kantxatik kanpo ere. Askotan esaten dugu kantxan lasaitasun handia transmititzen didala partidak jokatzeko garaian, baina kantxatik kanpo ere, entrenamenduak planifikatzeko garaian, noiz eta zenbat entrenatu erabakitzeko orduan, aholku onak ematen dizkit. Alde horretatik eskertuta nago. Izugarri lagundu dit txapelketa honetan, eta pertsona bezala hamarrekoa da Jokin Altuna.

Orain Tolosan jokatuko duzue, Astelehenita egunean. Berezia eta gozatzeko moduko partida izango da seguru asko.

Bai. Biok Tolosa ondokoak gara eta guretzat beti da pozgarria hemen, Tolosan jokatzea. Azkenean inguruko herritako eta gure herriko jendea hurbiltzen da frontoira eta beti egoten da giro polita. Astelehenean, Inauteriak izanda, egongo den giroa seguru naiz izugarri ederra izango dela. Partida aldetik, azkenean dena erabakita dago. Gu finalerdietako ligaxkan egongo gara eta Jaka-Arangurenek play offetan sartzeko aukerarik ez dute jada. Baina txapelketako partida da, eta hemen partida guztiak irabazi nahi ditugu. Gu gurea ematera joango gara, ea gauzak ondo egiten ditugun. Lehenengo itzulian Jaka-Arangurenen aurka galtzea suertatu zitzaigun, eta ea astelehenean, gauzak hobeto eginda, partida irabazten dugun eta gure maila eta konfiantza horrekin jarraitzen dugun.

Finalerdietarako sarrerak dagoeneko salgai daude. Eta a zer erritmoan saltzen ere! Jendea gogotsu dago.

Nik uste dut aurten pilotazalea oso ondo erantzuten ari dela txapelketa honetan, jende izugarri pila dabil pilotalekuetan. Egia esan, eskertzekoa da. Pilotaleku guztietan sekulako giroa dago, eta pilotariari gustatu egiten zaio giro horrekin jokatzea.

Benetan berezia izango litzateke Jokinekin txapela irabaztea edo, behintzat, finala jokatzea, ezta?

Bai, bai. Urtebeteko diferentzia dugu. Gogoratzen naiz benjaminetatik elkarren aurka aritzen ginela pilota goxoarekin, eta garai haietan partida ugari jokatzen genituen. Gero, profesionaletan elkarrekin jokatzen dugunean, oso gustura jokatzen dugu. Lan “zailena” egin dugu eta, behin finalerdietara iristen zarenean, hurrengo helmuga finala jartzen da eta horren bila joango gara.