GARA

Garapen ligatik, saskibaloiko izarren artera

Mac McClung estatubatuarraren izenak distira egin du asteburu honetan Utah-n (AEBetan) jokatu den All Star-ean. Duela aste batzuk G-Leaguean zegoenak mateen txapelketa irabazi du.

McClung-ek ikuskizuna eman zuen jauzi bakoitzean.
McClung-ek ikuskizuna eman zuen jauzi bakoitzean. (Alex GOODLETT | AFP)

Jauzi ikaragarriak, saskiratze zirraragarriak. Saskibaloiko All Star txapelketak zaleak aho bete hortz uztea du helburu; eta betiko xedea izanik ere, urtez urte, izan izarren arteko partidan edo aurretik jokatzen diren lehiaketetan, lortzen du harridura piztea. Asteburu honetan Utah-ko Salt Lake Cityk hartu ditu saskibaloiko izar handiak. Sona handiko jokalarien artean, baina, oraindik hain entzutetsua ez den Mac McClung estatubatuarrak bereganatu ditu foku guztiak, mateen txapelketan ikuskizuna emanda. Mac McClungek, 24 urterekin eta 1,88 metrorekin, inork baino gehiago eta distiratsuago jauzi egin zuen. Puntuazio gorena jaso zuen lau mateetatik hirutan (50) eta laugarrengoan gertu egon zen (49,8). Bikaintasunetik hurbil, alegia. Orain arte NBAko bi partida soilik jokatu ditu -biak aurreko denboraldian- eta duela gutxi arte G-Leaguen (garapen ligan) jokatzen zuen. Duela astebete Philadelphia 76ers taldearekin kontratua sinatu zuen.