Trantsizio ekologikoaren inguruan dagoen formazio beharra, aztergai
Trantsizio ekologikoa eta energetikoa gauzatzeko formakuntza profesionalak nahitaezkotzat jo ditu Bihar institutuak. Bide horretan, Ipar Euskal Herriko enpresa munduan, elkarteetan eta erakunde publikoetan diren beharrak ezagutzeko ikerketa abiatu du, eragile ekonomikoen eta instituzionalen parte hartzearekin. Aurreko astean, Baionan, lurraldeko enpresei eta erakundeei sarean dagoen galdetegiari erantzuteko eskatu zieten.

Trantsizio ekologikoa, ekonomikoa eta soziala sustatzen dituen Bihar institutuak, Ofizio eta Ofizialeen Ganbararen (OOG), Baiona Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbararen (MIG) eta Euskal Elkargoaren partaidetza lortu du inkesta handi bat gauzatu ahal izateko. Sare horietatik kanpo dauden elkarte-enpresei galdeketan parte hartzeko gomita luzatu diete ere.
Ingurumenaren zaintzarekiko hezkuntza etxeko erabilerari begira garatu dela baieztatu zuten iragan astean, eta lan arlokoa bigarren mailan gelditu dela. Aldiz, bizitzaren parte handi bat enpresetan, elkarteetan eta erakundeetan igarotzen dela kontuan izanik, arlo horietan kostu ekologikoa murriztu behar dela nabarmendu zuten Baionan egindako agerraldian.
Han izan ziren Bihar institutuko lehendakari Txomin Poveda, eta bertako koordinatzailea den Marine Giraud, alde batetik, eta haiekin batera ziren Thibaut Dupouy, OOGko lurralde zuzendaria; Yves Brettes, MIGko hautetsia; eta Martine Bisauta Euskal Elkargoaren Trantsizio Ekologiko eta Energetikorako lehendakariordea eta Herritarren Elkargoko kidea.
Povedak ikerketak xede desberdinak dituela azaldu zuen: «Lehenik, lurraldean dagoen beharra kuantifikatu behar da, eta bigarrenik, zehaztu zein arlotan kokatzen den formakuntzaren beharra, aktoreen behar zehatzak ez direlako oraindik ezagutzen».
Hastapeneko xedeari dagokionez, motibazio maila eta betebeharrei aurre egiteko prestutasuna ere kontuan hartzekoak direla nabarmendu zuten parte hartzaileek.
Aztarna ekologikoa murrizteko adibide gisa, bulegoko energia kontsumoa kontrolatzea, CO2 emisioak gutxitzearren profesionalen bidaiak murriztea, inprimaketa eta mezu elektronikoak ongi kudeatzea, erosketa arduratsuagoak egitea… Bio-hondakinak ongi sailkatzearen garrantzia zein den azaldu zuten ere, bereziki 2023ko abenduaren 31tik goiti Estatu frantsesean derrigorrez sailkatu beharko direlako. Merkatu mailan ere, eko-formakuntzak positiboak direla baieztatu zuten, erosleen artean erakargarritasuna ematen diotelako enpresei.
Formakuntza profesionalen ahalmena nabarmendu zuten eko-erantzukizunaren transmisioa ahalbidetzeko, banakako eta taldeko ekintza arduratsuagoak eragiteko.
Estatu frantses mailan, langileen %68k adierazi zuten trantsizio ekologikoaren erronken inguruan formazioa jaso nahi luketela.
Datu gakoak
Consumer Science & Analyticsek 2021ean Estatu mailan egin zuen inkestaren arabera, langileen %88k uste dute trantsizio ekologikoa gai garrantzitsua dela enpresan, eta %71k adierazi zuten pertsonalki jarduten dutela enpresako trantsizio ekologikoaren alde.
%66k esan zuten gauez itzaltzen dituztela lantokiko tresna elektrikoak eta argiak, %60k adierazi zuten hondakinak sailkatzen dituztela, %53k baieztatu zuten inprimatzen duten dokumentu kopurua gutxitu dutela, eta %49k ziurtatu dute erabilera bakarreko objektuak erabiltzea saihesten dutela. Langileentzat, ingurumena bigarren kezka nagusia omen da, eta 35 urtetik beherako langileentzat, lehena. Aldiz, %17k baizik ez dute adierazi beren enpresek trantsizio ekologikoaren erronkei buruzko formakuntza eskaintzen dietela.
Inkesta interneten egin zen 2021eko apirilaren 30etik maiatzaren 10era, 1.004 pertsonako lagin adierazgarri batez, administrazio publikoan, enpresa publikoetan eta pribatuetan.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
