Tratamendu bateratua eskatu dute covid iraunkorra duten gaixoek
Long Covid Euskal Herria Elkarteko ordezkariek covid iraunkorrari buruzko prestakuntza eskatu zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrean, gaixotasun hau tratatzeko arreta globala eta protokolo bateratua egon daitezen.

Long Covid Euskal Herria elkarteko Isabelle Delgado eta David Ruben Fulgueral bozeramaileek agerraldia egin zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrean covid iraunkorra duten gaixo kronikoen egoera azaltzeko. Ez dago Euskal Herrian egon daitezkeen gaixoen kopuru zehatzik, baina Europan 17 milioi gaixo daudela kalkulatu da, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera.
«Ez dugu eguneroko bizi-erritmoa berreskuratu, ondorioak ditugu. Denbora aurrera doa, eta batzuek hiru urte daramatzagu gaixorik, egoerari heltzea aldatu ez den bitartean, Lehen Mailako Arretako medikuek ez dute behar adinako prestakuntzarik», laburbildu zuen Delgadok.
Salatu zutenez, espezialista batetik bestera bidaltze dituzte, haien arteko loturarik gabe; «gero, bakoitzak alde batetik begiratzen du eta ezin du gai guztien arteko kohesioa egin». Horregatik medikuen prestakuntza eskatu zuten, arreta egokia emateko tresna eta baliabideekin batera, bai eta gaixoen jarraipena egiteko protokolo bateratua ere.
Egindako urratsak
Osasun sistemari kritikak egin zizkioten arren, Itziar Larizgoitia Osasun Publikoko zuzendaria goraipatu zuten, OMErekin egindako lanarengatik. Eta gaixotasunari buruz ikertzen jarraitzeko eskatu zuten: «Ikertzeko eskatzen dugu, talde jakin bat sortzeko».
Covid iraunkorretik eratorritako beste arazo bat da, lanik egin ezinean, ez dela diru sarrerarik, eta horrek egoera zailetara eramaten ditu herritar asko.
Delgadok azaldu zuenez, kaltetu gehienak gazteak dira eta adineko pertsonen bizimodua egiten dute. «Hona (Legebiltzarrera) etorriz gero, atseden hartu beharra daukagu egun osoan», esan zuten.
Eskakizun zehatzak
Beste eskaera bat gaixotasun profesional gisa aitortzea da, bajak jaso ahal izateko beharrezkoa baita. Hilabete honetan Bilboko epaitegi batek ezintasun absolutua aitortu dio covid iraunkorra duen zeladore bati, baina ez da ohikoena.
Azkenik, gogorarazi zuten birusak zirkulatzen jarraitzen duela, eta, beraz, espazio itxietan airearen kalitatea kontrolatzeko eskatu zuten. Hartu daitezkeen neurrien inguruan ere mintzatu ziren; adibide gisa, Davosen egin berri den foroan aire-iragazkiak zeudela eta horrelako neurriek asko lagundu dezaketela esan zuten.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
