Ramon SOLA
MADRIL

Gazteen arazoen aurrean «egiteko asko» dagoela esan du Sanchezek

Gazteen arazoak hizpide izan ziren atzo Diputatuen Kongresuan, EH Bilduk horri buruzko galdera egin baitzion Pedro Sanchez espainiar presidenteari. «Egiteko asko dugu», onartu zuen honek eta Gobernu espainolaren alde egiten ari diren taldeen laguntza eskatu zuen.

Mertxe Aizpurua, Espainiako Diputatuen Kongresuan.
Mertxe Aizpurua, Espainiako Diputatuen Kongresuan. (Alberto ORTEGA | EUROPA PRESS)

Gutxitan sartzen da gazteen egoera Madrilgo Diputatuen Kongresuaren agendan eta atzo horri buruz hitz egin behar izan zuen Pedro Sanchez espainiar presidenteak, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak eginiko galderari erantzunez. Etengabeko krisialdia jasaten dutela mahaigaineratu zuen honek, zenbait neurri planteatuz, eta hartutako erabaki batzuk aldarrikatu arren askoz gehiago egin daitekeela onartu zuen azkenik Sanchezek.

2008. urtean eztanda egin zuen krisia gero etorri direnekin uztartu den neurrian, «krisia da egungo gazteek ezagutu duten bizimodu bakarra», ondorioztatu zuen Aizpuruak. Hori azaltzeko, «ustezko euskal oasian», gazte-langabeziaren sailkapenean Bilbo Europako hamaseigarren hiria dela jarri zuen adibide gisa.

Ikasketetarako dirulaguntzak eta gutxieneko soldata igo izana ontzat jo zituen, baina ez direla nahikoa erantsi zuen, «egoera benetan jasanezina delako». Eta, jarraian, galdera hau egin zion Sanchezi: «Noiz amaituko da gazteriak jasaten duen utzikeria?».

Neurri zehatzen eske

Bere lehen hitzaldian Gobernu espainolak hartutako zenbait neurri defendatu zituen Pedro Sanchezek. Aizpuruak aipatutako bi kontuez gain, lan merkatuaren erreforma nabarmendu zuen, kontratuetan gazteek pairatzen duten behin-behinekotasuna leuntzen lagundu duela azpimarratuta. Umeen pobreziari aurre egiteko erabakiak ere ekarri zituen gogora.

Erantzuteko bigarren txandan, ordea, egiteko asko dagoela ontzat eman zuen Sanchezek, eta horretarako Gobernu espainolaren alde egiten ari diren taldeen «laguntza» eskatu zuen. Bereziki. etxebizitzak lortzeko erronka aipatu zuen. Eta ondorengoa erantsi zuen laburpen gisa: «Herrialde honetan desberdintasun-esparrurik bada, genero aldetikoaz gain, belaunaldien artekoa da».

Espainiar presidenteak ez zuen balizko neurririk zehaztu, baina Aizpuruak zenbait aukera aipatu zizkion. Esaterako, gutxieneko soldata lurraldeka handitzea, Euskal Herrian 1.400 euroko langara eramanez. Gazteentzako enplegua sustatzeko, lan arloko legeak moldatu behar direla ere erantsi zuen Aizpuruak. Enpleguaren alorraz gain, etxebizitzarena ere gazteen kezka nagusia izaten da, eta Etxebizitza Lege «eraginkorra» aldarrikatu zuen EH Bilduko kideak, alokairuak arautuko lituzkeena eta gazteek hori lortzeko soldataren %60tik gora bideratu behar izatea ekidingo lukeena. Eta, horiekin batera, bozkatzeko eskubidea 16 urtera jaistea proposatu zuen Mertxe Aizpuruak, 16-18 urte bitarteko gazteek ere hautatu ahal ditzaten beren etorkizunaren inguruan erabakitzen duten ordezkariak.