«Udalgintzan jauzi bat emateko prest gaude, komunitatearen ahalduntzean oinarrituta»
Hurrengo legegintzaldira begira, “Ziklo munizipalista berrirako iparra” dokumentua aurkeztu du EH Bilduk. Eremu lokaletik erronka globalei aurre egiteko proposamenak islatzen dira, bost gai nagusitan egitasmo estrategikoak identifikatuz: demokrazia, berdintasuna, zaintza, ekologia eta kultura.

Gizateriaren historiaren hamarraldi erabakigarri baten aurrean gaudela nabarmendu duzue. Zein garrantzi dute politika munizipalistak eta komunitategintzak horrelako una batean?
Aldaketa oso globalak eta askotarikoak ematen ari diren hamarraldi baten aurrean gaude. Krisiek eta aldaketa azkar eta sakon horiek aro aldaketa baten aurrean gaudela pentsatzera eramaten gaituzte. Horrenbestez, orain hartzen ditugun erabakiek datozen hamarraldiak baldintzatuko dituzte. Hori oso argi dago larrialdi klimatikoaren kasuan, baina baita desberdintasun sozialetan edo euskaran ere.
Egoera horretara neurrigabeko hazkunde batek ekarri gaitu, pertsonen eta lurraldearen beraren bizitza alde batera utzi duenak. Orain pertsonak erdigunera ekarri behar ditugu, eta bide horretan hasi behar dugu erabakiak hartzen. Batetik, irtenbide berriak behar dira, ezin dugulako jarraitu politika berberak aplikatzen; bestela, krisi anizkoitz horiek sakonduko direlako. Bestetik, lidergo eta gobernantza mota berriak behar ditugu erronka global horiei aurre egiteko. EH Bidutik bi funtzio egozten dizkiogu udalgintzari: nazio eraikuntza eta herritarren bizitza hobetzea.
Oro har, EAJren udalgintza ereduaren aurrean, zein da EH Bilduren eredua?
Hainbat ezberdintasun nabarmen aipatuko nituzke. Gure abiapuntua instituzioetako ateak zabalik izatea da, kudeaketa ona, gardena eta zorrotza ezarriz. EH Bilduk gobernantza kooperatiboaren alde egiten du; hau da, hasieratik bukaeraraino herritarrekin batera prozesuak eraikitzea.
Gaur egungo botere banaketa bidegabearen aurrean, guk behetik gorako eraikuntza defendatzen dugu; hau da, herritarrekin batera boterea banatzea, erabakiguneak sortzea eta konpartitzea. Gaur egungo erronka globalei aurre egiteko, ezinbestean, komunitatearen ahalduntzea eta komunitatearen parte hartzea beharrezkoa da. Horretarako, egitura komunitarioak sortzea eta bultzatzea ezinbestekoa da. Hau da, komunitateak berak hartzea aitzindaritza bere beharrizan horiek era antolatuan gainditzeko. EH Biuldun jauzi bat emateko prest gaude.
Etxebizitzaren arazoa gero eta nabariagoa da. Politika munizipalistaren ikuspegitik, zein da EH Bilduren proposamena arlo horretan?
Pertsona batek bere bizitza proiektuan aurrera egiteko, ezinbestean, bere oinarrizko beharrizan materialak babestuta izan behar ditu. Horretarako, zerbitzu publikoen ahultzearen aurrean, gure lana babes egiturak sortzea da.
Etxebizitza oinarrizko behar material bat da, eta gaur egungo testuinguruan are gehiago. Familia askok eta askok beraien diru sarreren erdia etxebizitzara bideratzen dute. Gazteriaren batez besteko emantzipazio adina 30ekoa da Euskal Herrian, eta ez da kasualitatea: herri honek azkenengo hamarkadetan izan duen etxebizitza politika espekulatibo baten ondorioa da. Egoera horri irtenbidea emateko, bi neurri bultzatu behar dira udalgintzatik, beste erakunde publikoekin batera: alokairu sozialen sustapena eta etxebizitza parke publikoen sustapena.
Zaintzaren arloan, eremu pribatutik eta erantzukizun partikularretik komunitariora igaro behar dela diozue.
Zaintza herri erronka bat da, eta herri erronka bat den heinean, erantzukizuna eremu pribatutik eremu komunitariora atera behar da. Horregatik babes egitura komunitarioak sendotu behar direla uste dugu. Usurbilen, Hernanin edo Elorrion eredu berriak gauzatzen ari gara dagoeneko.
Energiaren gaia pil-pilean dago azkenaldian. EH Bilduk energia komunitate lokalen alde egiten du.
Eremu lokalean ahalik eta autosufizientzia handiena lortu beharra dago, eta horretarako energia komunitateak dira tresna, bai ekoizpenerako, bai kontsumorako, baita funtzionamendurako ere. Energiaren demokratizazioa eremu lokaletik hasten da.
Zein da Bilbo Handia bezalako metropoli batentzako EH Bilduren proposamena?
Hiriburuetan ematen dira neoliberalismoaren tendentziarik erasokorrenak: desberdinkeria handienak, indibidualismoaren joera nabarmenagoa, kontsumo energetikoaren desoreka... Gainera hirietan bizitzea desatsegina delako pertzepzioa zabaldu da.
Europan hasiak dira alternatibak eraikitzen (Kopenhage, Nantes, Bartzelona...), baina badirudi Euskal Herrian bestalderako norabidean goazela: hazkunde etengabearekin, gentrifikazioarekin, turistifikazioarekin... eta horrek bizigarritasuna gutxitzen du.
Horren guztiaren aurrean proposamen eraikitzaileak jarri behar dira mahai gainean, hiriak bizigarriago bihurtzeko. Espazio publikoaren inguruko eztabaida ireki behar da. Bi joera daude: espazio publikoak pribatizatzea edo ordenamendu herritar bat egitea, non herritarrek espazio publikoen erabilera zein izan behar den erabakitzen duten eta hiri bizigarriagoak eraikiko diren.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
