Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Bilbobusak Metroaren azpiegitura elektrikoarekin kargatuko dituzte

Bilbobuseko autobus elektriko berriek Metro Bilbaok kontratatuta daukan azpiegitura elektrikoaren potentzia erabiliko dute. Energiaren Euskal Erakundeak, Repsolek eta Ase Taldeak elkarlanean sortutako Medusa sozietateak sortutako proiektua da eta udan abian jarriko dute. Sozietatea bera izango da, behin abiatu ondoren, proiektua kudeatzeaz arduratuko dena.

Asteazkenean aurkeztu zuten proiektu berria.
Asteazkenean aurkeztu zuten proiektu berria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilbobusek zortzi autobus elektriko berri izango ditu aurten, eta horiek kargatzeko sistema berritzailea asmatu du Medusa sozietateak. Metro Bilbaok lehendik dituen azpiegitura elektrikoek kontratatutako potentzia erabiliko dute Bilbobusen autobus elektriko berriak kargatzeko.

Horrela baliabideak optimizatuko dituztela azaldu zuen Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia den Iñigo Ansolak.

Next Generation funtsaren bidez finantzatuko da proiektua, neurri handi batean. Egitasmoak eskatzen dituen 600.000 euroetatik 140.000 dirulaguntza bidezkoak dira.

Energiaren Euskal Erakundeak, Repsolek eta Ase Taldeak elkarlanean sortu dute Medusa sozietatea, eta proiektua kudeatzeaz ere arduratuko dira. Uztailean abiatzea espero dute, Ansolak aurreratu zuenez. Besteak beste, energian egiten den gastua murriztea eragingo du, beste abantaila batzuen artean. Metro Bilbaoko zuzendari gerente Eneko Arruebarrenak nabarmendu zuen «elkarlan publiko eta pribatuaren» emaitza dela, eta Bilboko Udalari ere eskertu zion emandako babesa.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi Nora Abetek azaldu zuen funtzionamendu berria mugikortasunaren deskarbonizazio estrategiaren baitan ulertu behar dela, Bilbok ez ezik, beste hiri batzuek ere jarraitzen dutena.

Ansolak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan berotegi efektua sortzen duten gasen %34 garraioaren sektoreak isurtzen ditu. Gaineratu zuen energia gehien kontsumitzen duen sektorea ere badela: %43, hain zuzen ere.

Hori dela eta, proiektuak energia hornidurarekin zeukan arazoa konponduko duela baieztatu zuen Luis Garcia Panizo Estatu espainiar iparralderako Alsako zuzendariak. Arruebarrenak azaldu zuen Metro Bilbaoren sarearen zein Bilbobusen kotxetokien kokapenek erraztu dutela proiektua aurrera ateratzea. «Elorrietako kotxetokia eta Lutxanako azpiegitura elektrikoa oso gertu daude», 560 metrora zehazki, Enrique Monasterio EEEko Garapen eta Berrikuntza zuzendari eta Medusako kontseilariak esan zuenez.

Arruebarrenak adierazi zuen metroa gutxiago erabiltzen diren uneek eta autobusak geldirik dauden orduek bat egiten dutela. Horri esker posible da soberakina baliatzea. Monasteriok aipatu zuen autobusak kargatzeko 5 eta 6 ordu bitarte behar izateak eta denak batera kargatu behar izateak erronka handia suposatzen duela. Hala ere, zortzi autobus berriak besterik kargatuko ez dituztenez bertan, baieztatu zuen ez dela arazorik izango.

Une honetan Bilbobusek dauzkan autobus elektrikoak ohiko sarearen bidez hornitzen jarraituko dute, momentuz.

Aitzindaria

Aurkezpenean gehien errepikatu zuten hitzetako bat izan zen «berritzailea». Izan ere, adierazi zuten aurrekaririk gabeko proiektua dela. «Lehen aldia da garraio enpresa batek beste bat hornitzen duena», nabarmendu zuen Ansolak.

Arruebarrenak argitu zuen erabiltzen ez duten potentziagatik beherapena egiten diotela Metro Bilbaori energia ordaintzerakoan. Orain, ordea, Bilbobusek erabili eta ordainduko du soberakina.