GARA
BILBO

Uliazpiren lan deialdian euskararen eskakizuna atzera bota du EAEko Auzitegiak

EAEko Auzitegiak atzera bota du Uliazpi Fundazioak zenbait lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritziz. Uliazpi dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako erakundea da.

Bilboko Justizia Jauregia.
Bilboko Justizia Jauregia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioaren aurkako epaia argitaratu du. Donostiako epaitegiak hartutako erabakiaren aurka norbanako batzuek jarritako helegitea onartu du, eta atzera bota du Uliazpik zenbait lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritzita. Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEMA eta LABek «oso larritzat» jo zuten atzo epaia, eta «botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat» dela adierazi zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko duela iragarri zuen.

Uliazpi Aldundiaren erakunde autonomoa da, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta haien sendiei zerbitzua ematen die. 2021eko uztailean 34 zaintzaileren lan deialdia argitaratu zuen, eta horietatik 32tan euskararen oinarrizko ezagutza eskatzen zuen (B2 titulua), langileen ezagutza normalizaziora gerturatu eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko asmoz.

Aldundiaren konpromisoa

Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, bere «sumindura eta desadostasun irmoena» azaldu eta zerbitzua «norbere hizkuntza aukera errespetatuz» ematea bermatzeko irizpidea «muturreraino» eramateko konpromisoa agertu zuen.

Argitu zuen langile publiko bati «bi hizkuntza ofizialak jakitea» eskatzea ez dela «inola ere diskriminatzailea». «Langile publikoak herritarren zerbitzura daude eta herritarrei arreta eskaintzea dagokie, besteak beste, herritarrek aukeratutako hizkuntzan».

LABek adierazi zuenez, Donostiako Epaitegiak ebatzi zuen euskara hizkuntza ofizialetako bat izanik berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela. Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak dio administrazioak ezin diela aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu, hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidearen kaltetan.

Lanpostuen izaera

Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek, esan zuenez, «milaka herritarren hizkuntz eskubideak, erakundeen hizkuntz berdintasunera hurbiltzeko lana eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora jartzen ditu» epaiak. LABek bezala, nabarmendu zuen: «Jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratzen dira».

Bestalde, Auzitegiak «iruzur egin eta lan deialdi honi bakarrik erreparatzen dio, lanpostu zehatz horietan ezarritako eskakizun kopuruari. Hizkuntz eskakizunen sistemaren aurka doa zuzenean».

Ildo beretik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak esan zuen «lanpostuen derrigortasun datak eskaini beharreko zerbitzuan oinarritu beharrean, euskalduntze indizeen arabera ezartzea, pertsonen oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gain, kalitatezko zerbitzu soziosanitarioen kontrakoa» dela.

UEMArentzat, «garaiz eta lekuz kanpo dago epaia. Debekuen, zigorren eta auzitegien bidez euskaldunak hasiera batean desagerrarazi eta ondoren bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi izan gaituen ikuspegi atzerakoia dario epaiari». «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, hizkuntz politikari eta euskara lehenesteari buruzko lege berriak onartu dira, eta horien aurkakoa da epaia», adierazi zuen Iraitz Lazkano lehendakariak.