Mugaz gaindiko lasterketa, migranteen eskubideen alde
Mugaz Gaindiko eta Lurralde Arteko Lankidetzarako Elkarteak (ACTI) «Mugarik Gabeko Korrika» lasterketa antolatu du martxoaren 12rako, igandea. Hendaian hasi, Urruña eta Irundik igaro eta ostera abiatze lekuan bukatuko da hamaika kilometroko ibilbidea.

Baionako unibertsitateko sei ikaslek migratzaileen eskubideen alde lanean ari diren elkarteak laguntzeko urratsa egin dute. Urtero mugaz gaindiko gaiak lantzen dituen Mugaz Gaindiko eta Lurralde Arteko Lankidetzarako Elkartearen eskutik (ACTI) “Mugarik Gabeko Korrika” lasterketa antolatuko dute.
Martxoaren 12an, igandearekin, Hendaian hasi, Urruña eta Irundik igaro eta ostera irteera lekuan bukatuko da hamaika kilometroko ibilbidea.
Masterreko bigarren urtean diren sei ikasleek «mugen itxierari garrantzia emateko hautua egin» dute, Florence Messoah proiektu honen buruak Kazeta.eus atarian adierazi duenez.
«Konturatu gara mugen heste horrek eragina zuela tokiko biztanleengan, baina baita migrazio bide hori hartzen duten migratzaileengan ere», azaldu du ikasleak. Diakite, Bidasoa Etorkinekin eta Elkartasuna Larrun elkarteen laguntza jaso dute proiektuan zehar. Horretarako, migratzaileen eskubideen alde lanean ari diren elkarteak sostengatzea erabaki dute sei gazteek, jasotako dirua banatuz.
Izan ere, lau helburu zehatz azpimarratu ditu Florence Messoah gazteak: «Mugen heste horren eragozpenak azaleratzea, migranteak laguntzen dituzten bertako elkarteak eta haien lana ezagutaraztea eta, bide beretik, izen-emateekin bildutako dirua elkarteei ematea». Horretaz gain, Txingudiko badia eremua sustatu nahi dute.
Ekimenaren xehetasunetara joz, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik abiatuko da lasterketa. Pausu eta Behobia arteko zubia pasatu eta, Irunen Bidasoa ibaiaren ertzean segituko dute parte-hartzaileek. Lapurdira Santiago zubitik sartuko dira berriz. Helmuga Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekua izanen da, ibilbide zirkularra egitea hobetsi dutelako antolatzaileek.
Azaldu dutenez, pertsona migranteen eskubideen aldeko ekimenean parte hartu nahi duten kirolariek aukera bi dituzte, «oinez ala korrika parte hartzen ahalko baita», zehaztu du Florence Messoah gazteak.
Irizpideak eta laguntza.
Lasterketan parte hartzeko izen-ematea aitzinetik egin behar dela ohartarazi du. Horretarako, hain zuzen, webgune honetara jo behar dute kirolariek: https://urlz.fr/kZXx.
Diru-ekarpenari dagokionez, hamaika kilometroko ibilbidea oinez egin nahi dutenentzat parte-hartzea bost eurokoa da eta hitzordua 09.30ean emana zaie Gaztelu Zaharren. Korrikalariek, berriz, hamar euro ordaindu beharko dituzte eta 10.30ean abiatuko dira aipaturiko frontoitik. Azken lasterkaria abiatzen denean, oren bat eta erdi izanen dute parte-hartzaileek ibilbidea bukatzeko. Ibilbide xehea esteka honetan ezagutu ahal da: https://urlz.fr/kZXL.
Horretaz gain, lasterketa egin bitartean MNA64 elkartea abiapuntuan izanen da stand batean, bertaratzen diren ikusleei elkartasun mezua emateko.
Joan den irailean abiaturiko proiektua bururatzeko, ikasleek «bihotz oneko jende askoren laguntza» jaso dute. Hala ere, lasterketa egunean jarduteko boluntario eske dabiltza, baita dirulaguntza bila ere.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
