«Motibo politikoengatik» hitzaldi bat gazteleraz egitea eskatu zuen Irungo Udalak
Kepa Ordoki elkarteko kideei oroimen historikoari buruzko hitzaldia espainieraz egin behar zutela adierazi zien Irungo Udalak, «arrazoi politikoak» argudiatuta. «Oso larritzat» jo dute gertatutakoa, eta gogorarazi dute Udalaren betebeharra dela entzuleei interpretazio zerbitzua eskaintzea.

Otsailaren 28tik martxoaren 2ra, Irungo Udalak ‘Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra’ antolatu zuen Ficoba eta EHUren laguntzarekin. Han izan ziren, besteak beste, Irungo alkatea, Udaleko Memoria Historikorako ordezkaria, Memoria Historikoko Estatuko idazkaria eta Gobernu espainiarraren EAEko ordezkaria.
Hiru egun horietan memoria historikoaren inguruko zenbait hitzaldi publiko eman zituzten adituek. Egitarauan hitzaldien hizkuntza adierazten ez bazen ere, euskarak ez zuen inolako lekurik izan, eta ez zen itzulpengintza zerbitzurik eskaini ere.
Mezu harrigarri bat
Martxoaren 2ko egitarauan, hitzaldietako bat Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak eman behar zuen, eta taldeko kideek mota honetako jardunaldietan euskara eta espainiera erabiltzen duten arren, antolakuntzak «arrazoi politikoengatik» espainiera erabili behar zutela adierazi zien mezu elektroniko bidez.
Peli Lekuona elkarteko kideak kontatu zuenez, «harriduraz» hartu zuten mezu hori. «Guretzat marra gorri bat da, elkartearentzat hizkuntza oso garrantzitsua da. Euskaraz egiten dugu hala eskatzen digutenean, eta bestela ele bitan».
«Erabaki genuen emailari ez erantzutea, argi eta garbi; eta hitzaldira joatea, eta momentuan ohar bat egitea gertatutakoari buruz».
Euskarak oroimena du
Euskaraz hasi zen Lekuona hitzaldia ematen, eta ez zioten ezer esan, normaltasunez joan zen. «Baina esan genuen hitzaldia baldintzatua jaio zela, ohartarazpen hori egin zigutelako, eta uko egiten geniola, euskara oroimena duen hizkuntza delako. 86 urte pasata, gaztelaniaz egiteko agindu hark bere horretan jarraitzen du».
Gertatutakoaren berri eman zioten Arartekoari, baita Kontseiluari eta Behatokiari ere. Arartekoak esan zien ikertzen hasiko zela; Behatokiak, aldiz, oharra zabaldu zuen atzo, Kepa Ordoki elkartearekin elkarlanean egindako salaketa plazaratzeko.
«Oso larria da»
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak oso larritzat jo zuen jardunaldi horietan gertatutakoa. Izan ere, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea erakunde publikoek horrela mugatzea edo debekatzea, herritarren oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gain, jardunaldi horietan jorratu zen errepresio frankistak euskararen eta euskal hiztunen aurka egindako guztia kontuan ez hartzea dela salatu zuten.
Bestalde, Behatokiak azaldu zuen bezala, «arrazoi politikoengatik espainiera erabili behar dela» esatea, eskubide demokratikoen zapalketa izateaz gain, gaur egun EAEko erakunde publikoek hizkuntza eskubideekiko dituzten lege-betebeharrak kontuan ez izatea da.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
