«Mobilizazio erraldoi baterako» euskalgintzaren deia, Baionan
Euskal Konfederazioak eta Azterketak Euskaraz kolektiboak «mobilizazio erraldoia» antolatuko dute. Apirilaren 22an izango da Lapurdiko hiriburuan, «Parisek entzun dezan, azterketak euskaraz nahi ditugula, eskubide bat baita, euskaraz bizi nahi dugulako».

Euskalgintzak hitzordua eman du apirilaren 22rako, Baionan. Peio Jorajuria (Seaska), Maider Heguy eta Ihintz Olineke (AEK), Maddi Bordagarai (Uda Leku elkartea,) Ximun Carrere (Euskal Hedabideak), Luxi Detxart (Biga Bai) eta Christelle Pucheu (Euskal Haziak) bildu ziren atzo prentsaurrekoan.
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatuz Parisek harturiko jokabidearen gainean lehen gogoeta plazaratzea egokitu zitzaion Seaskako lehendakariari. Euskalgintzak eta tokiko hautetsiek luzaturiko eskaeren aurrean «Paris gor eta mutu dagoela» agerian jarri zuen Jorajuriak. Guraso, ikasle eta irakasleek iaz okupazioak egin zituztela oroitu zuen, eta «poliziek oinarrizko eskubideak defendatzen zituzten herritarrak lotsagabeki zanpatu zituztela».
Baxoa pasatuko duten ikasleek bi aste barru izanen dituzte berezitasunen gaineko azterketak. Hiru hilabete eskas falta dira, berriz, Brebetaren frogarako. Egoera horretan, «mobilizazio erraldoi baterako garaia iritsi da, Parisek entzun dezan Euskal Herriaren ahotsa, azterketak euskaraz nahi ditugula, eskubide bat baita, euskaraz bizi nahi dugulako».
Elkarteen egoera larria
«Estatuak euskarari trabak ezartzen dizkio euskarazko azterketak debekatuz, irakaskuntza euskaldunak dituen beharrak mugatuz, euskarari lege babesa ukatuz», salatu zuen, bere aldetik, Sebastien Castetek Euskal Konfederazioaren izenean. Hain zuzen adierazi zuen «Estatuaren ukazioaren aitzinean» tokiko erakundeek ez dutela aski egiten euskararen egoera aldatzeko.
Hala, Euskalgintzako elkarteek bizi duten egoera larriaz ohartarazi zuen, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) aldetik finantzaketari buruz harturiko engaiamenduak ez direla bete nabarmenduz. Ondorioz, «prekarizatua da».
Maider Heguyk eta Ihintz Olinekek AEKk bizi duen egoerari buruzko zenbait datu esanguratsu eman zituzten. «30.000 ordu kurtso eskainiko ditu aurten, 1.400 helduri euskara irakatsiz edo hobetzeko aukera emanez, baina dirulaguntza duinik ez dugu».

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
