Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Eusko Jaurlaritza, autolana

Aste honetan ere, gauza bat ala bestea dela, baina guztiak batera etorrita, apenas izan dut betarik hedabideetatik arrapaladan irentsitako guztia ordenatzeko. Nirea normalean kaos ordenatua bada ere! Total, galopan ibili naiz, «galapan» nire ama zenaren esanetan. Beraz, barkatu gauzak ondo azaltzen ez baditut gaurko zutabe horizontalean.

Horra! Ipar Euskal Herria eta Asterix zein Obelixen herrixka gaur-gaurkoz barne hartzen dituen Estatutik dator notizia, erosketa-saskia merkatzeko akordioa lortu ei dutela gobernuak eta armagintzako enpresek. Aurrerantzean merkeago bete daitezke Ukraina inguru hartarako saskiko balak, esku-granadak, obusak, metrailetak, aurkakoen tankeen kontrako suziriak, eraso-fusilak eta, osagarri, madeineuskadiko kaiku-txapela sorta. Ez da aurreikusten elikagaiak eta sendagaiak saskiratzea.

Nonon irakurri ere, Ajuriaenerixek zail ikusten duela, delikatua delakoan, gurean (eta berean, prefosta!) lau eguneko lan-astearen gaineko eztabaida bideratzea, hau da, ez eta bai aurrez aurre jartzea. Hori bakarrik ez, zail ikusten du ere Europar Batasuna izenekoak erregaiak erabiltzen dituen auto-ekoizpenari muga jarri izana, denbora laburreko jauzi lar handia ei delako; delikatua, seguruenik. Ulertzekoa da eajotarixen enbarazua; eurek trantsizioak ulertzeko duten neurgailua, eta denboraren adiera bera, Gernikako Estatututik datorkie, bueno, horren esperoan dira sikiera…

Apustuak zail ikusten dituenak Osakidetzako okulistari hitzordua eskatu beharko liokeela aparte utzita, kolpea da autogintzan aldaketak egiteko erakutsitako prestasun susmagarria, horretarako bai «ezinbestekoa» izanda «errealitate guztiak aintzat hartzea». Eee! Zer dio? Badela eurenaz aparteko errealitaterik? Eusko Alderdi Jaurlaritza, autolana.