Alex ALTUNA
OÑATI

Gomiztegi artzain eskola: 25 urte tradizioari eutsiz pausoak ematen

Gomiztegiko artzain eskolak ateak zabaldu zituenetik hogeita bost urte bete dira. Ogibidea eguneratu, profesionalizatu eta formakuntza saioak eskaintzen dituzte bertan, etorkizuneko artzainak trebatzeko. Batis Otaegi hastapenetatik gaur arte jardun da eskolan lanean.

Batis Otaegi, Gomiztegi baserriko artzain eskolako atarian.
Batis Otaegi, Gomiztegi baserriko artzain eskolako atarian. (A. ALTUNA | A. ALTUNA)

Batis Otaegi legazpiarrak oso gaztetatik du harreman «estua» artzaintzarekin. Hain lotura handia izan du, non 1998an Arantzazuko artzain eskolaren sortzaileetako bat izan zen. Eskola hori garai hartako zenbait gertakariren ondorioz sortutako ekimena izan zela azaldu zuen NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan.

1980an animalien kanpaina sanitarioak burutzen zituzten lehen elkarte profesionalak sortzen hasi ziren. Lakuako Gobernuak momentu hartan lan hori premiazkoa zela eta hura mantentzea interesgarria izan zitekeela uste izan zuen. Izan ere, Otaegiren hitzetan, artzaintzak bazuen «bere nortasuna eta zeresana euskaldunon bizitzetan».

Testuinguru horretan, industria garai «bete-betean» sortu zen Gomiztegiko artzain eskola. Industriak izugarrizko indarra hartu zuen eta baserriak «hustu, eta artzaintzaren ogibidea galzorian zegoen». Batis Otaegik azaldu zuenez, egoera horri erantzun bat emateko sortu zen Oñatiko Arantzazu auzoko artzain eskola; egungo gizartearen beharrei erantzuteko.

Galtzen ari diren balioak

«Antzinatik euskaldunok animaliak ematen zuen horretatik bizi izan gara, gure mendietan ikus ditzakegun aztarnetan oinarrituta. Pertsona horiek euskaldunok dugun sen hori gaur egunera arte transmititu dute; hala nola lanaren balioa edota hitzaren balioa», azaldu zuen. Balio horiek gaur egungo gizartean galtzen ari direla eta horiek berreskuratu beharra dagoela azpimarratu zuen Otaegik.

Artzain eskolak dituen hogeita bost urteetan gauza asko aldatu dira, Otaegi esandakoaren arabera: teknologiaren eta teknikaren garapena da batik bat aldatu dena. Hala eta guztiz ere, lehengo egiteko moduei eutsi omen zaie, horiek eraberrituz. Bere iritziz, tradizioak eraberritzen ez badira «desagertu» egiten dira, halabeharrez.

Gomiztegiko artzain eskolaren oinarria eskaintzen duten formakuntza saioak dira. Ikastaroan, nahiz eta praktikotasunak garrantzi handiena izan, teoria ere ematen dute gauzak egitearen zergatia ulertzeko. 310 ikasle igaro dira 25 urte hauetan eta egun 165 gehiagok dihardute lanean. %20 emakumeak dira eta 27-28 urtekoa da batez besteko adina.

Azkenik, Batis Otaegiren ustez, artzaintzaren etorkizuna «ziurgabea» da. Bere ustez, artzaintza ez da gizartearen interes faltagatik galduko, baina desagertu liteke instituzioek interes gutxi dutelako eta honen babeserako eta indartzerako politikak egiten ez dituztelako.

Hortaz, administrazioei dagokie artzaintza beharrezkoa ikusten duten erabakitzea eta horren aldeko apustua egitea. «Hautu bat egin behar dute eta dirua jarri behar dute dena eraberritzeko», adierazi zuen.

«Aplikatzen diren politikekin, gero eta zailagoa da artzaintzan aritzea»

Ekaitza Irastorza hendaiarra da sortzez eta hiru urtez ardiekin lanean ibili ondoren, Gomiztegiko artzain eskolak eskaintzen duen artzaintzarako formakuntzan izena ematea erabaki zuen. Aspalditik du eskolaren berri, baina orain arte ez du formakuntza jasotzeko beharrik izan.

Ikastaro honetan, gauzak nola egiten diren baino «zergatik edo zertarako» egin behar diren ikasten ari dela adierazi zuen Irastorzak. Gaineratu zuen, formakuntza honetan teoria eta praktika erabat uztartzen direla. Horretaz gain, eskolak maila pertsonalean ere «ekarpen handia» egin omen dio. Izan ere, gero eta gutxiago dira mundu honetan jardun nahi duten pertsonak eta eskolak aukera eskaintzen du abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen diren pertsonak ezagutzeko; baita esperientziak partekatzeko ere».

Bestalde, azpimarratu zuen politikaren esku-hartzeak garrantzi handia duela ogibide honen etorkizunean. «Trukerako txanpon gisa» sentitzen direla esan zuen. Irastorzak nabarmendu zuen erakunde zein instituzioek ez dutela nahi artzaintza desagertzea, Tolosako babarrunak edo Idiazabal gazta bezalako izendapenak mantentzea interesatzen zaielako, baina ezer gutxi egiten dutela ogibide hori indartu dadin eta «trabak» besterik ez dizkietela jartzen.

Amaitzeko, etorkizunera begira egoera honen aurrean konponbidea herritarren eta abeltzainen arteko kohesioan egon daitekeela esan zuen. Uste du turismoa arazo handia izan daitekeela etorkizuneko artzainentzat gaur egun egiten ari diren politikak aldatzen ez badira.