Iraitz MATEO
DONOSTIA

Gudari errepublikanoen plaka jarri dute Polloeko mausoleo frankistan

Donostiako Polloe hilerriko mausoleo frankistari esanahia aldatu diote eta, horretarako, bertan lurperatutako gudari errepublikazaleak omendu zituzten atzo ekitaldi baten bidez. Lakuako Gobernuaren, Donostiako Udalaren eta Gogoraren lankidetzarekin antolatu zen.

Atzo Donostiako Polloe hilerrian gudari errepublikanoen omenez egin zen ekitaldia.
Atzo Donostiako Polloe hilerrian gudari errepublikanoen omenez egin zen ekitaldia. (Jon URBE | FOKU)

Polloeko hilerriko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikanoak gogorara ekartzeko 17 milizianoen izenak jasotzen dituen plaka bat jarri zuten «Duintasuna» eskulturaren erreplikaren ondoan, atzo goizean. Lakuako Gobernuak, Donostiako Udalak eta Gogora elkarteak senideekin batera adostutako ekimena izan zen.

Auzia 2022. urtean argitara eman zen Aranzadi elkartearen txosten batean: miliziano errepublikazale horiek Polloeko mausoleo frankistan zeuden, Erorien Haran txiki bat izango balitz bezala.

Ekitaldiaren helburua tokiaren esanahia gaurkotzea eta mausoleo horretan lurperatutako borrokalari errepublikazaleen oroimena duintzea zen. 1936ko altxamendu frankistan eta gerran hildako errepublikanoak omendu zituzten. Horretarako, Polloeko hilerrian dagoen mausoleo frankistan, Iñigo Arregiren eskulturaren ondoan, plaka bat jarri zuten eta senideei Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa txostena eta eskulturaren erreplika txikia eman zieten.

Duintasuna berreskuratzeko

Eneko Goia Donostiako alkateak azpimarratu zuenez, milizianoen omenezko plaka «askatasunen eta gure hiriaren alde borrokatu zirenekin zorrak kitatzeko» bidean beste pauso bat da. Modu horretan tokiari dagokion «duintasuna itzuli» diotela esan zuen. «Frankismoak gure herrian egindako kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen jarraitzen dugu», gaineratu zuen. Aitortu zuen pena dela senitartekoek egin nahi zutena ezin egin izana: «Senide maitatuen gorpuzkiak atera eta duintasunez lurperatzea». Egindako ekitaldia «demokraziaren eta askatasunaren» aldeko ariketa dela esan zuen.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak Polloeko mausoleoa «memoria demokratikoaren sinbolo» bihurtu dela adierazi zuen. «Egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa ere bada ekitaldi hau», gehitu zuen.

Bere hitzetan, 1936ko altxamenduan errepublika, askatasuna eta demokrazia defendatu zituzten milizianoek; «armek arrazoi demokratikoa suntsitu zuten».

Gudariak gogoratzearekin batera, Gerra Zibileko eta diktadura frankistaren biktimekin duten konpromisoaz mintzatu zen Rodriguez Ranz: «Konpromisoa dugu memoria demokratikoarekin eta printzipio etiko eta demokratikoekin, eskubide urraketen aurrean eta totalitarismo zahar eta berrien benetako mehatxuen aurrean».