GARA
PILOTA

Denak Eibarko «final-laurdenetarako» prest

Altuna, errematean, joan den igandean.
Altuna, errematean, joan den igandean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Finalerdietako ligaxkako aurreneko jardunaldian 22 tantora iritsi ezinik geratu ziren joan den asteburuan Peña II.a eta Mariezkurrena II.a, eta bereziki Jokin Altuna eta Xabi Tolosa.

Hala, aurreneko jardunaldian galtzeak bigarren jardunaldia hil ala bizikoa bihurtzen duela dakar. «Guretzat hau final-laurdenetako kanporaketa bat bezalakoa da. Irabazten badugu, finalerdiak jokatuko ditugu, eta han ere irabaziz gero, finalera sailkatuko ginateke». Horra Jokin Altunaren berbak, atzo Eibarko Astelena frontoian egindako pilota aukeraketaren ostean.

ESTRATEGIAK

«Saiatzen naiz gauzei datozen bezala aurre egiten; eta esan, esaten da finalerdia hiru partidatara dela, baina kasu honetan bakarrera da, eta horrela hartzen dut», adierazi zuen Amezketakoak.

Txapelketa osoan zehar, bestalde, «Altunaren atzelaria» baino zertxobait gehiago ere badela erakutsi du Xabi Tolosak. Bereziki, joan den asteburuan bezala, arrazoi batengatik edo besteagatik bererik eman ezinda geratu denean. Itxura baten behintzat, Anoetako atzelaria prest azaldu zen atzo igandean gainera etorriko zaion horri eusteko, Jon Mariezkurrena jotzaile handienetako bat dela esan beharrik ez baitago.

«Hanketan sentsazio hobeak dauzkat eta hobetzen ari naiz pixkanaka», aitortu zuen. «Sauna eta ur hotzarekin kontrasteak egiten ari naiz, masajea hartu..., ahalik eta gauza gehien, iganderako prest egon beharko dudalako», aipatu zuen.

Bestalde, estrategia garbia da Peña eta Mariezkurrenarentzat: Berriozarko atzelariaren ahala baliatu atzeko koadroetan eta aurrean, Altunarekin nahastu beharrean, aukerako pilota datorrenean amaitu. «Jokin aurrean endredatzen saiatuko da, eta guk hori saihestu behar dugu», esan zuen Jon Ander Peñak, jakinaren gainean ezin dutela Eibarren kalerik egin.

«Hilabete luze honetan hil ala biziko hainbat partida jokatu ditugu, eta prest gaude. Ligaxka polita da, baina benetan betetzen gaituzten partidak hauek dira», gaineratu zuen Tolosako aurrelariak, zoli.