Alfontso DIEZ

Cicatrizen «lola», Boga-ren ereserkia

«Inoiz ez genuen pentsatuko Bogak abesti propioa izango zuenik», adierazi dute artisau garagardoa egiten duen kooperatibakoek.

Mungiako kooperatibaren eta Lur Jota taldearen elkarlanaren emaitza dira bertsioa eta bideoklipa.
Mungiako kooperatibaren eta Lur Jota taldearen elkarlanaren emaitza dira bertsioa eta bideoklipa. (GARA)

Duela urte batzuk «jai giroan sortutako ideia zoroak» azkenean forma hartu du: Lur Jota talde bilbotarraren ezinbesteko laguntzarekin, Boga garagardoaren kantua jaio da. Eta entzun bezain laster (Youtuben dago bideoklipa), lehenengo akordeetatik ezaguna egingo zaio askori: Cicatriz mitikoen “Lola” are mitikoagoaren bertsioa da. Mungiako kooperatibaren fabrikan bertan grabatu zuten bideoklipa. «30 bat lagunek parte hartu zuten, giro oso jatorrean. Jai herrikoien giroa transmititu nahi genuen: zuzeneko musika, jolasak, txosna, hemengo garagardoa...», azaldu dute Bogako arduradunek. Eta, filosofia horri eutsita, Deustuko jaien hasierako eguna (atzokoa) baliatu nahi izan zuten kantuaren estreinaldia egiteko. Bideo sorkuntzarako Zirriborro kooperatibaren laguntza izan dute. Bertakoentzat eta Lur Jotako kide Jabi, Erlantz, Kristian eta Ibairentzat esker oneko hitzak izateaz gain, «Cicatriz taldearen senitartekoen konplizitatea» ere nabarmendu nahi izan zuten Bogakoek: «Beraiena ere bada kantu hau». Garagardo kooperatibak laster beteko ditu bederatzi urte eta, ospakizun modura, hilaren 31n Beertsio Festa prestatu dute, eta gonbita egin.