EDITORIALA

Fase baten amaiera, beste baten hasiera

Bakea eraikitzeko prozesu berezia. Ikaskuntza partekatuak etorkizuneko erronketarako” lelopean eta diagnostiko partekatuan sakondu eta egiteko dauden lanak identifikatzea» helburu, atzo eta gaur Iruñeko Planetariumean eta Donostiako Kursaal jauregian egiten ari diren VI. Foro Soziala hamar urteko ibilbidearen amaiera da. Foro Sozial Iraunkorrak 2013tik arrandiarik gabe, diskrezioz baina jendartearekin batera egindako lanaren errepasoa eginda, bidezkoa da, lehenik, hari esker ona erakustea.

Aurrerapen nabarmenak izan dira urte hauetan: armagabetzea, jendarte zibilaren parte hartze erabakigarriarekin; biktimentzako egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen inguruko adostasuna zabaldu da, eta arlo horretan Estatuaren biktimen diskriminazioa nabarmendu da, zenbait legek eta torturari buruzko txosten ofizialek islatzen dutenez; memoriaren arloan, «kontakizun bakarraren bulkada agortuta» dagoela azpimarratu du Foroak, eta presoei dagokienez, sakabanatu eta urruntzearen amaiera aurrerapauso handia izan da. Lan eskerga, zalantzarik gabe; hala ere, oraindik asko dago egiteko, eta presoak eta iheslariak eta deportatuak dira, hain zuzen, horren erakusle nagusietakoa. Azken urteotako urratsek haien eta batez ere senide eta lagunen egoera jasanezina arindu dute, eta nabarmentzekoak dira presoen mugimenduak eta azken buruan bizikidetza errazte aldera egindako ekarpena. Horrek gogorarazten du eragile guztiek ez dutela bake eraikuntzan aurrera egiteko borondate berdina.

Azken asteotan Foro Sozialak Lakuako eta Iruñeko gobernuekin, alderdi politikoekin, EPPkrekin eta biktimekin izandako bileretan egiaztatu du eragile guztiak bat datozela bakea eraikitzeko prozesuaren fase bat ixten ari dela eta beste bat irekitzen ari dela. Eta fase berrian ere beharrezkoa izango da herritarren presioa; izan ere, eragileen lanarekin batera, jendartearen presioa ezinbestekoa izan da gaurko agertokira iristeko, eta hala izango da aurrerantzean ere. Erakundeek eta gizarte zibilak elkarrekin lan egin dutenean lortu dira aurrerapen handienak, Foro Sozialeko arduradunek eta eragileek diotenez. Edonork ikusten duenez.