A. RODRIGUEZ - A. ZURUTUZA

«Gerran haurrak erbesteratu zituztenean, hilabetetako kontua izango zela uste zuten»

Gerra zibilean 10.000 haur gipuzkoarrek erbestera jo behar izan zuten, Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ikerketa batek zehaztu duenez. Gaur omenaldia egingo diete Donostiako Kursaal aretoan. Josu Chuekak NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan eskaini ditu xehetasunak.

Gerrako umeen ikerketa txostena aurkeztu zuten agerraldia, joan den ekainean.
Gerrako umeen ikerketa txostena aurkeztu zuten agerraldia, joan den ekainean. (Maialen ANDRES | FOKU)

36ko Gerraren ondorioz Gipuzkoako 10.000 haurrek erbestea ezagutu behar izan zuten, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Aldundiak haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko egindako ikerketaren arabera. Europa osoko artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. 140 bizirik daude. Horiek gogoratu eta omentzeko, ekitaldia egingo da gaur 11.00etan Donostian.

Ikerketan parte hartu duen Josu Chueca historialariak NAIZ Irratian azaldu zuen orain arte egindako ikerketetan 4.000 haur inguru zeudela identifikatuta; beraz, nabarmen handitu dela zenbatekoa: «Sumatzen genuen gehiago izango zirela, baina ez nuen uste hainbeste izango zirenik». Zehaztu zuenez, haurrak erbesteratzeko espedizioak Bizkaian antolatu ziren, «oraindik autonomoa zelako». Osasun azterketak egin zizkieten kanpora bidali aurretik, eta andereñoak ere bildu zituzten eurekin joan zitezen.

Uste baino luzeago

«Espedizioak muntatu zituztenean uste zuten Errepublikak irabaziko zuela eta haurrak gerrak iraun bitartean egongo zirela kanpoan, bi edo hiru hilabetez», azaldu zuen Chuecak. Gertutasunagatik eta herrialdeko eragile ugarik eskainitako babes eta laguntzagatik Estatu frantziarrera joan ziren praktikan ume guztiak. Haurren udalekuetarako prestatuta zeuden alderdietara eraman zituzten; «oso ondo egon ziren», batez ere aintzat hartuz gerra egoera bat utzi zutela atzean, «bonbak eta gosea».

Baina gerra luzatu egin zen, gero eta ume gehiago iristen zen Estatu frantziarrera eta zailtasunak sortu ziren «beharrak asetzeko». Orduan planteatu zen haurrak beste herrialde batzuetara ere bidaltzea, Belgikara, esate baterako, «asko joan ziren».

Britainiarren aldaketa

Chuecak gogoratu zuen Britania Handiak neultraltasuna hautatu zuela Espainiako gerraren aurrean. Hala ere, frankisten sarraskien berri izanda, «iritzi publikoa aldatzen» joan zen, eta azkenean, 1937ko apirilean, 4.000 haur jaso zituzten han.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera ere joan ziren ume ugari, «noski, Errepublikaren alde zeuden». Bertan egondako haurrek oso ondo egon zirela kontatu zuten, eta historialariak nabarmendu zuen ikasteko aukera zabala eskaini zitzaiela. Gerra amaitu zenean itzuli ziren etxera haurretako asko, baina Sobiet Batasunean egon zirenen kasuan gehienak 1956. urtera arte han jarraitu zutela azaldu zuen Chuecak; beraz, 20 urte igaro zituzten erbestean.

Bildu ahal izan diren testigantzen arabera, oro har, positiboki baloratzen dituzte erbesteko egonaldiak. Nolanahi ere, denboran luzatu izanak eta horrek eragin zuen baliabide nahiz azpiegitura faltak arazoak sortu zituela azaldu zuen historialariak.

Itzuleran ere ez zen arazo gutxi izan; askok aita faltan zuten, ihesean, espetxean nahiz hilda zegoelako, eta, oro har «ezagutzen ez zuten lurralde batean» bizitzen segi behar izan zuten.