Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Elkarrizketa
HAIMAR AREJITA ETA GAIZKA SALAZAR
Gatibu taldeko musikariak

«Kanpora goaz, baina uda sasoian Euskal Herriko plazetan izango gara»

Gaur izango da ‘‘EH Distopikala’’ diskoaren jaia Bilboko Miribilla pabilioian. Lau hilabete igaro dira Gatibukoek beren kantuak publikatu zituztenetik, eta horiek guztiak zuzenean aurkezteko garaia iritsi zaie orain, aspalditik iragarritako festa handi batean. Diskoari buruz hizketan aritu gara Haimar Arejita eta Gaizka Salazar taldekideekin.

(Oskar MATXIN | FOKU)
Diskoa kaleratu duzue, eta hainbat euskarritan. Gainera, diseinua ere bakoitzera moldatu duzue.
Haimar Arejita:

Argi geneukan: biniloa eta cda bai edo bai atera behar genituen. Eta hirugarren formatua, kasetearena, izan zen pixka bat zerbait berezia eta desberdina egitea frogatzeagatik.

Gaizka Salazar:

Hori kasetearena Haimarrek esan zuen. Eta guk geure buruari esan genion: «Baina zer ostia, nora goaz berriro? Haurtzarora edo zer?». Kar-kar. Baina polita da.

Bai, baina kanpoan ere ikusten da kasetea euskarri fisikoan melomanoentzat oso interesgarria dela.
H.A.:

Bai, bai, bildumazaletasun kutsua duen zerbait da, ez dakit melomanoena edo frikiena den. Baina nik behintzat kontsumitu eta erosten ditut kaseteak. Gustatzen zait soinu ilun samar hori entzutea ere.

Aurre-ekoizpen asko dago kantuetan. Esan izan duzue azkar grabatutako disko bat izan dela. Zazpi kantu dira, oso landuak… Estudioko egunek frenetikoak izan behar zuten.
H.A.:

Bai, intentsitate nahiko handiko jardunaldiak izan ziren grabaketa garaian bizi izan genituenak. Baina lan asko eginda generaman, eta pixka bat argi guztia, A plana delakoa. Gero ekoizleari bere tartea utzi behar izaten zaio, eta hori izan zen B plana, eta hori jarraitu genuen. Baina B planak huts egiten bazuen, A planak balio behar zuen. Hortaz, lan asko eginda zegoen. Musikariaren bizitzan hor dago motxila bat, ideia zaharragoekin, jakintza ere pilatzen zoaz, gauza berriak ikasten… eta estudioan nabaritzen da eta hori guztia lehertzen da.

Kasetearena distopia bat izan bada, negu hasieran izan genuen eguraldia ere bai. Hori baita salatu duzuen gauzen arteko bat, larrialdi klimatikoa.

G.S.:

‘‘EH Distopikala’’ abestian umore klabean hartutako gaia da, baina benetan oso larria da eta arduratzen gaituena. Zuk esan bezala, begira azken neguaren hasiera nolakoa izan zen. Gogoratzen dut 2021eko abenduaren 31n ere Kontxako hondartzan ibili nintzela umeekin… Hau eskuetatik joan zaigu. Orduan, kritika bat da, umorez egindakoa bada ere.

Musikalki Gatiburen distopia bihurtzen da diskoa. Zuentzat berriak diren arlo batzuk esploratu dituzuelako. Kasu honetan, Juantxo Skalari lagun, ska munduko zeozer egin duzue.

H.A.:

Kantuaren ideia akaso duela 12 edo 13 urte hasi zen. Bere sasoian grabatu eta ateratzeko asmoz gorde genuen, izoztuta. Orain ez dakit zergatik, agian errekurtso faltagatik edo, desizoztu genuen eta beste freskotasun batekin eta momentuko ikuspegiarekin horrela geratu zen. Letrak eta musika ezkondu egiten ziren, eta garatzea erabaki genuen. Bazeukan ska kutsu hori eta zegoen bezala hartu genuen; letra erantsi genion eta pixka bat moldatzea izan da guztia.

Beharbada jendea harritu egingo zen Juantxo Skalariren izena ikusita.
H.A.:

Juantxorekin kolaborazioak egin ditut batez ere. Grabazioren bat edo beste, zuzenekoren bat… harreman bat sortzen joan da. Nik argi neukan, kolaborazioren bat bilatzekotan, bereak izan behar zuela. Izan ere, ska puntu hori badu; eta Juantxo da ska egiten aproposena gure ustez. Horregatik, natural irten da.

Ska puntua badu, baina akaso bateriaren erritmoetan mantentzen da Gatiburen esentzia gehien.
G.S.:

Nik uste dut denok egin dugula halako ariketa bat beste soinu batzuk bilatzearena. Erritmo aldetik badu betiko rock hori, ska erritmorik sekula egin gabe ginelako. Baina diskoan, orokorrean, badira erritmika diferente asko, eta nik uste dut puntu interesgarria eta erakargarria ematen dizkiola.

«Urten» kantua efektu berezi batekin hasten da, reverse batekin; hau da, atzekoz aurrera dago grabatutako soinua.
G.S.:

Hamar puxtarri!

H.A.:

Bai, gitarraren reverse batekin hasten da eta gero pad batekin dago nahastuta, behetik gora doanaren efektu bat bilatzeko. Giroak-eta sortzeko asko erabiltzen da. Hau ekoizlearen ekarpena izan da, nahiz eta guk grabatutako elementuekin eginda dagoen; zati bat hartu, sampleatu eta hori sortu zuen.

Erritmo oso latinoa duen kantua da. Bide hori nolakoa suertatu zaizu, Gaizka?
G.S.:

Nik uste dut bilatu nahi izan duguna izan dela betiko edo ohiko erritmo latinoetan ez erortzea. Emilirekin, ekoizlearekin, kantua grabatu aurretik hasten ginen ideiak partekatzen nondik eta nora eraman genezakeen ikusteko, nahiz eta Haimarrekin hori asko egin nuen aurretik. Eta hori izan da tonika orokorra: erritmoa aukeratu eta beste kolore bat gehitzen saiatzea.

Diskoko kantu guztiak badirudi riffetatik abiatuta daudela. Alegia, gitarrako zati bat dute sorburuan.
H.A.:

Bai, normalean horrela izaten dira Gatibun. Riff batetik sortu eta garatutakoak. Lehendabizi riff bat garatzen hasten gara. Eta sentsazio ona ematen badigu, aurrera egiten dugu abestian edo ez. Oso gustukoa izan behar du nukleo edo hazi horrek, gauza oso potentea eta sentsazio oso ona transmititu behar digu.

Gainera riff batetik bi kantu ateratzeko gaitasuna ere baduzue.
H.A.:

Bai, eta gainera progresio bera eta tempo bera duten riffak dira. Baina jendea askotan ez da konturatzen. Tonuz aldatuta daude; baina pentsa, hasieran bi kantuk bat izan behar zuten.

Etxeko lanak jarri dizkiguzu, Gaizka.
G.S.:

Horri errekurtsoen optimizazioa deitzen zaio.

Baina inork ez badu nabaritzen, sekulako artea dagoelako izango da.
G.S.:

Artea presente dago denbora guztian, begi-bistakoa da.

H.A.:

Baina jende askok egin izan duen zerbait da errekurtso bera bi pieza desberdinetan erabiltzea. Pentsa, Mozartek eta Beethovenek ere egiten zuten. Baina modu artistiko eta sortzailea batean egiten bada, listo. Bata funky abesti bat da, eta bestea, doinu afrikarrez janzten saiatu garen kantua. Hortaz, gauza zeharo desberdinak dira.

‘‘Zure bazterrak’’ kantuari errepara diezaiogun. Letra aztertuta, esan daiteke ‘‘Gure bazterrak 2.0’’ baten aurrean gaudela?
G.S.:

Bai, horrela da. Gure ikuspuntua da eta gure omenaldi txikia gure herriari kantu eta hitzetan. Baina nik uste dut hori presente daukagula beti, Gatiburen esentzietako bat da talde euskalduna garela, eta hori hor dago. Oraingo honetan nahi genuen halako abesti polit bat egitea gure herriari buruz, gure buruari eta entzuleei opari moduko bat egitea zen asmoa.

Dantzagarria da, gainera.
H.A.:

Hasieran beste erritmo bat zeukan. Baina aldatu egin zen pixka bat eta ekoizleak hobeto aprobetxatu zuen abestia. Guk laburragoa eraman genuen; bi minutura heltzen ez zen abesti bat zen, eta Emilik eman zion aire gehiago eta zabaldu egin zuen. Idiliko samarra bada, ‘‘Urepel’’ kantuaren estiloko zerbait; badute biek ere hortik zerbait, samurra izatea nahi genuen.

Jendea kontzertuetan halako abestiekin sentimenduak azalean dituela eta pozik izaten da, ezta? Kutsu epiko bat dute halako kantuek.
H.A.:

Bai. Epikoaren dosia pixka bat neurtzen baduzu polita da.

Eta azkena: hirukote moduan agertu zareten arren, oholtza gainean batzuk gehiago elkartuko zarete.
H.A.:

Miribillakoa badator gaur bertan, baina gero Espainia aldera eta mugituko gara. Hala ere, berriro itzuliko gara Euskal Herrira; uda sasoian ibiliko gara zenbait tokitan.

G.S.:

Orain, kontzertuetan, saiatzen gara ahalik eta musikari gehien eramaten. Plaza batzuk izango dira formatu horretan, ez gehiegi, baina hori da gure ideia.

H.A.:

Kontzertu handiak izango dira plazetan egingo ditugunetatik gehienak, musikari askorekin. Tinbre aldetik, soinuz, emanaldi aberats bat eskaini nahi dugu zuzenean. Guk balio berezia ematen diogu horri.

Festarik handiena, hala ere, gaur iluntzean Miribillakoa izango da.
H.A.:

Bai, espero dezagun baietz! Gure nahia, ezbairik gabe, Miribilla leporaino betetzea baita.

Bada, aizue, dantza asko egin dadila bertan eta zuek ere disfruta dezazuela diskoaren aurkezpen ofizial honetan.
G.S.:

Eskerrik asko, Iker.

H.A.:

Beti da plazer bat zurekin hitz egitea.