Maite UBIRIA
BAIONA

Brebetaren zientzietako froga euskaraz idatzi ahalko dute Seaskako ikasleek

Ekainaren 26an eta 27an iraganen da Brebet azterketa. Murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek denbora luzea eman dute jakin gabe ea euskaraz idatzi ahalko duten zientzietako froga. Vincent Bru diputatuak atzo iragarri zuenez, hala izanen da.

Euskarazko azterketen aldeko mobilizazioa.
Euskarazko azterketen aldeko mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU)

Heldu den ekainaren 26an eta 27an iraganen da kolegioa bukatzerakoan eginen den Brebet azterketa, eta Seaskan jarduten duten ikasleek hilabete asko eman dituzte jakin gabe aurten azterketa osorik ez bazen ere bederen frogaren bat euskaraz egiteko aukera izanen zuten.

Hain zuzen, orain dela gutxi arte euskaraz egiten zuten zientzietako froga berriz ere ikasten duten hizkuntzan idazteko eskubidea berreskuratzea xede zuen Seaskak abian eman duen kanpainak. Hori lortzeko giza kateak, martxak zein okupazioak burutu dituzte, bestalde, azterketak euskaraz dinamikara lotu diren herritarrek.

Testuinguru honetan, Seaskako komunitateak aspalditik espero zuen albistea eman zuen atzo Vincent Bru Renaissance alderdiaren diputatuak. Hautetsiak iragarri zuenez, zientzietako froga euskaraz egiteko parada izanen dute ikasleek.

Zehazki mezu hau plazaratu zuen, frantsesez, diputatu kanboarrak: «Brebetaren zientzietako froga euskaraz idatzi nahi duten ikasleek hala egin ahal dezaten Pap Ndiayek eman duen baimena txalotzen dut».

Hautetsiak gaineratu zuen haien ikasketak osorik euskaraz egin dituzten ikasleekiko «aitortza justua» dela aipaturiko erabakia.

Irailaz geroztik erantzun baten zain

Oroitzearren, iragan irailean bilera bat egin zuen Parisen Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakaria buru zuen euskal delegazio batek, orduan izendatu berria zen Pap Ndiaye frantziar Hezkuntza ministroaren laguntzaileekin.

Bertan ministerioko ordezkariek iragarri zuten «denbora tarte zentzudun batean» erantzuna emanen zuela ministroak. Euskal delegazioa bilkura horretatik baikor itzuli bazen ere, geroztik hilabete luzez isiltasuna nagusitu da Brebet azterketa euskaraz egiteko aldarrikapenari buruz.

Azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena berdin Euskal Herrian zein Bordelen haizatu dute Seaskako ordezkariek. Esate baterako, Bordelen Hezkuntza Ministerioak duen egoitzan hamarnaka lagunek okupazioa garatu zuten otsailaren 23an.